11:17

Politika

Radio Euskadin

Zentsura mozioa 'hauteskundeetarako estrategia' dela dio Alduntzinek

Erredakzioa

Hondakinen kudeaketan "adostasunak" eskatu ditu Alduntzinek, eta Batzar Nagusiek euren "gehiengoa" inposatu nahi izatea "hutsegitea" dela uste du.

00:22
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatua bere aurka EAJk, PPk eta PSEk aurkeztu duten zentsura mozioaz mintzatu da Radio Euskadin. "Hauteskundeetarako estrategia" besterik ez dela adierazi du eta Batzar Nagusietako gehiengoak hondakinen kudeaketaren inguruan euren "gehiengoa" inposatu nahi izatea "hutsegitea" dela uste du. Ildo honetan, "adostasunak" eskatu ditu eta "estrategiaren edukien inguruko eztabaidarako tartea dagoen ala ez ikusteko" bilerak areagotu egingo dituztela esan du.

Zentsura mozioa eztabaidatu bitartean, "orain arte bezala" lanean jarraituko duela ziurtatu du, "gipuzkoarren gehiengoak hautatu zuten hauteskunde programari dagokion agintaldiarekin betetzeko" asmoz.

Hondakinen kudeaketan dauden "eskumen ezberdinen arteko adostasunak" lortzeko beharra aipatu du. Honen harira, "Batzar Nagusiak Gipuzkoako Udalen eta mankomunitateen gehiengoari euren gehiengoa inposatu nahi izatea" kritikatu du.

Oposizioko alderdiek aurkeztu duten zentsura mozioa "hauteskundeetarako estrategia besterik ez da Bilduren bakardadea eta ezintasuna islatzeko", adierazi du, eta era horretan, gizarteari "hemen gaude zintzoak, herrialdea kudeatzen dakigunak" bezalako mezuak helaraziz erkidegoko hauteskundeak "baldintzatu" nahi dituztela salatu du.

Europan "baliabideen kudeaketaz gero eta gehiago" hitz egiten ari direla aipatu du.

Alduntzinen esanetan, "hondakinen % 30 tratatzen ditugu gaika", eta "Europako herrialde garatuenek, hondakinen % 70". "Bide luzea dugu aurretik, eta horixe da gure estrategiak proposatzen duena: ibilbide hori erraustegien oztoporik gabe egitea", proposatu du, baina "ez Bilduk esaten duelako, Europak diolako baizik"

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena