08:56

Politika

Nafarroa

Geroa Baik eta EH Bilduk salatu dute "oso larria" dela Beaumont kontseilari ohia zelatatu izana

agentziak | eitb media

Horien ustez, "sistema demokratikoaren aurkako erasoa izan zen", eta "horrek berretsi egiten du Estatuko estoldek eta botere faktikoek ezkerreko euskal subiranistekin tematuta daudela".

  • Beaumont kontseilari ohia, erdian, artxiboko irudi batean. Argazkia: Efe

    Beaumont kontseilari ohia, erdian, artxiboko irudi batean. Argazkia: Efe

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Geroa Baik eta EH Bilduk salatu dute "oso larria" dela Mariano Rajoyren Espainiako Gobernuak Maria Jose Beaumont Nafarroako Barne kontseilari ohia zelatatu izana. Luis Barcenas PPren diruzain ohiari egindako espioitza kasuaren ikerketan jakin da Beaumont zelatatu egin zutela.

2015-2019 legegintzaldian Nafarroako Gobernua osatzeko ituna adostu zuten bi alderdiek ohartarazi dutenez, EH Bilduk proposatuta izendatutako kontseilari ohiari egindako jazarpena argitu beharra dago.

Hala, Geroa Bairentzat "sistema demokratikoaren aurkako erasoa" izan zen, eta "eskusartzea sistema instituzionalean eta politikoan". Horregatik, kasua "bereziki larria" dela eta sakondu eta ardurak argitu behar direla uste du.

"Neurriak hartu behar dira horrelakoak zuzenbide estatu batean gerta ez daitezen", adierazi du koalizioak, praktika horien helburua "demokratikoki aukeratutako eta Uxue Barkos buru zuen Gobernuari zilegitasuna kentzea" baitzen.

Bestalde, EH Bilduk "Maria Jose Beaumonten pribatutasunaren aurkako eraso larria" izan zela nabarmendu du, eta horregatik, babesa helarazi dio.

Gainera, koalizio independentistaren arabera, horrek "baieztatu egiten du Estatuko estoldek eta botere faktikoak euskal ezker subiranistaren eta aldaketa politikorako alternatiben aurka tematuta zeudela, bereziki Nafarroan".

"Zoritxarrez, ez gaitu harritzen, ez baita ezer berria", gehitu du, aurretik Pegasus auziaren harira independentista kataluniarrak eta euskaldunak ere zelatatu baitzituzten.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena