Politika
Euskadi Irratia
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
EH Bilduko bozeramailearen arabera, epaileak "ideologia bat ezartzen" ari dira euren sententziekin, herritarren hizkuntza eskubideak babestu beharrean. Agertoki honek "herri bezala dugun autogobernu maila" zein den erakusten du, eta, horrenbestez, "arnas luzeko gogoeta" eskatu du.
Unai Urruzuno, gaur Euskadi Irratian
Euskara eskakizunen inguruan azkenaldian epaitegiek kaleratu dituzten epaiak "dugun autogobernu mailaren erakusgarri" dira, hizkuntza eskubideak "epaile jakin batzuen esku" baitaude. Hala iritzi dio Unai Urruzuno EH Bilduren bozeramaileak, EAEko Auzitegi Nagusiak Uliazpi Fundazioko langileen hizkuntza eskakizunen inguruan atzo kaleratutako ebazpenari buruz galdetuta.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketan, Urruzunok esan du euskararen aurkako "ofentsiba politiko eta judizial oso larri baten aurrean" gaudela. Horren hitzetan, "ez da sententzia huts bat", "herri oso baten hizkuntza eskubideak auzitan jartzera datorren neurri bat" baizik. "Ez gaude gizarte elebidun batean, gizarte diglosiko batean gaude, eta borondate bat dago estamentu batzuen aldetik diglosia horri eusteko, euskara bigarren mailako izaten mantentzeko", erantsi du.
Agertoki horrek "arnas luzeko gogoeta bat" eskatzen du, Urruzunoren aburuz, epaileak, herritarren hizkuntza eskubideak babestu beharrean, "ideologia egiten" ari direlako. Hori dela eta, "herri bezala erabakiak geuk hartu beharko genituzke", gaineratu du.
Bestalde, asteon Arabako eta Gipuzkoako espetxeetan hilda agertu diren presoen inguruan ere hitz egin du Urruzunok. Horren harian, "espetxe eredu berri bat" aldarrikatu du, "justizia errestauratiboa erdigunean" jarriko duena. Espetxeen eskumena EAEra eskualdatuta, "aukera aprobetxatu behar da" gaiaren inguruko gogoeta egin eta "beste norabide batean" urratsak emateko, EH Bilduko kidearen ustez.
Idoia Mendia lehendakariorde sozialistak martxoaren 8a jaiegun izateko egin duen proposamenaren aurrean, berriz, oso kritiko agertu da, eta "Mendiaren burutazio bat" izan dela esan du, "bere burua nabarmentzeko edo". Gaiaren inguruko hausnarketa egiteko "subjektu legitimatua" mugimendu feminista dela esan du, eta azken urteotan, M8a "edukiz betetzeko" mugimendu horrek egindako lana txalotu du. Hala, buruzagi sozialistaren proposamenak "eztabaida eklipsatu" besterik ez duela egiten nabarmendu du. "Orain denok horretaz hizketan ari gara, edukiaz hitz egin beharrean. Hori lortu du Mendiak", zehaztu du.
Azkenik, Eusko Legebiltzarreko Etika batzordea desegiteko ezker abertzaleko koalizioak egin duen proposamenaz ere galdetu diote EH Bilduren bozeramaileari. Batzorde horrek "ez du ezer atzematen" eta "ez du ezertarako balio", horren iritzian. Alexander Arriolaren kasua ekarri du gogora, eta "ustelkeria" kasua ez den arren, "lagunkeria kasu nabarmena" izan daitekeela azaldu du. "Gardentasuna ez da Gobernu honen ikurretako bat, eta ez da gai gobernukideak izan direnak publikotik pribatura pasatzea kontrolatzeko... Halako kasuak oso hedatuta daude, eta legez kanpokoa ez bada ere, praktika oso desegokia da", azpimarratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa