18:24

Politika

1976ko sarraskia

Martxoaren 3ko Memoriala Fundazioaren eraketa eta estatutuak onartu dituzte

EITB Media

Martxoak 3 Elkarteak "erakundeek azken unean egindako norabide aldaketa" azpimarratu du. Elkarteak salatu duenez, "azken hilabeteak seriotasun faltak eta gidoiaren ustekabeko birek markatu dituzte".

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak Martxoaren 3ko Memoriala Fundazioaren estatutuak onartu dituzte. Fundazio horretako kide izango dira, Gasteizko Udalarekin eta Elizbarrutiarekin, eta elkarte memorialistekin eta biktimekin batera. 1976ko martxoaren 3ko sarraskiak kaltetutakoen omenezko zentroa bultzatzeaz arduratuko da. Polizia Armatuak bost pertsona hil zituen, tiroz.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur, Gobernu Kontseiluak neurri hori hartu ostean, adierazi du Fundazioaren eraketa eta estatutuak inplikatutako alderdi guztiek onartzea "urrats erabakigarria" dela proiektua aurrera eramateko.

Zupiriaren hitzetan, 1976ko martxoaren 3an Gasteizko San Frantzisko elizan langile batzarra egiten ari zirela Polizia Armatua tiroka sartu zen toki berean eraikitzeak "gasteiztar askoren nahiari eta haien memoria kolektiboan grabatuta dagoen asmo bati erantzuten die".

Fundazioak izaera publikoa izango du, eta Eusko Jaurlaritzak, Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Elizbarrutiak osatuko dute.

Gizarte ekimenak —Martxoak 3 eta Memoria Gara kolektiboek ordezkatuta— Fundazioaren Patronatuan parte hartuko du, lau ordezkarirekin. Fundazioa eratzen denetik aurrera, erakunde horren Patronatua izango da memoriala sortzeko prozesuaren buru.

Hain zuzen ere, Martxoak 3 Elkarteak azpimarratu egin du Biktimen Oroimenezko Zentroa abian jartzeko "erakundeek azken unean egindako norabide aldaketa".

Prentsaurrekoan, elkarteak salatu du "seriotasun faltak eta gidoiaren ustekabeko birek" markatu dituztela azken hilabeteak, eta ohartarazi du "adi" jarraituko duela Udalak, Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak "akordioa osorik bete dezaten eta prozesuan benetan parte hartuko dutela berma dezaten".

Estatuaren parte-hartzea

Bestalde, Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen ustez, fundazio horretan parte hartu aurretik Espainiako Gobernuak "ariketa bat egin behar du: barkamena eskatu eta hura ondo egon ez zela aitortu".

"Egia da ez (Pedro) Sanchez ez (Mariano) Rajoy ez direla erantzuleak, baina ezta David Cameron ere, urte asko geroago publikoki 'Igande Odoltsua'ren hilketak okerrak eta justifikaziorik gabekoak izan zirela aitortu zuen Erresuma Batuko lehen ministroa", argudiatu du Radio Vitorian egindako elkarrizketan.

Urtaranen adierazpen horiei erantzunez, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak esan duenez, "1978ko Konstituziotik sortutako Estatu demokratikoa ez da inola ere 1976ko martxoan hilzorian zegoen erregimen frankistaren oinordekoa".

Espainiako Gobernua fundazio horretan ez sartzearen inguruan galdetu diote kazetariek Zupiriari, eta EAEko Exekutiboaren bozeramaileak esan du Jaurlaritzan (EAJ-PSE) sailburu bakar batek ere ez duela "eragozpenik" jarri memorialaren inguruan gaur onartutako puntuak onartzeko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena