Politika
Memoria historikoa
EITB Media
Artolazabal sailburua Castuerara (Badajoz) joan den Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzako buru izan da. 1937aren eta 1941aren artean Urduñako espetxean izan ziren 3.981 presoetatik, 2.035 Extremadurakoak ziren, gehienak nekazariak eta errepresio frankistaren biktimak.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, gaur, Castueran (Badajoz), Extremadurara joan den Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzako buru izan da. Bisitaren helburua da 71 pertsonaren gorpuzki desobiratuak identifikatzen saiatzea; haiek 2014ko ekainean eta 2022ko abenduan Urduñako hilerrian eginiko bi indusketa-kanpainetan berreskuratu ziren.
Bertan izan dira, hedabideen, memoria historikoaren elkarteen eta Urduñako espetxean hildako presoen (Gerra Zibilekoak eta lehen gerraondokoak) senitartekoen aurrean Bizkaiko udalerriko hilerrian eginiko desobiratze-lanen berri emateko eta, hala, zortzi hamarkada ondoren, senitarteko izan daitezkeenak aurkitzen saiatzeko.
Extremadurako udalerritik Urduñako presondegira eramandako preso gehienak nekazariak ziren, eta errepresio faxista jasan zuten. Pertsona horien oroimenez eta askatasunaren aldeko beste borrokalari batzuen oroimenez sailburuak esan duenez: "bai haiek bai haien senitartekoek eskubidea dute gorpuzkiak aurkitu, desobiratu eta identifika daitezen; haiek ohoratzeko eskubidea, haiengatik negar egiteko, haien hilobian lore bat uzteko".
Sailburuak gogorarazi du 1937aren eta 1941aren artean Urduñako espetxean izan ziren eta erregistratuta dauden 3.981 presoetatik, 2.035 Extremaduran jaioak izan zirela eta/edo bertako auzoko zirela. Gainera, haietako asko, aurretik, Castuerako kontzentrazio-esparruan izan ziren; horregatik izan da EAEren ordezkaritza Badajozeko udalerri horretan.
"2.000 pertsona baino gehiago eraman zituzten, trenez, 700 km baino gehiagotara eta, han, bakartu eta zigortu egin zituzten, bai haiek bai senitartekoak. Errepresio handiagatiko zigorraz gainera, deserrotzearen krudelkeria ere izan zen. Eta haietako batzuk ez ziren sekula itzuli. Urduñan jasan behar izan zituzten baldintza krudelengatik hil ziren: hotza, gosea, pilaketa, gaixotasuna", esan du Artolazabalek.
Dagoen dokumentazio historikoaren bidez badakigu Urduñako espetxean hildako 225 presoetatik, erdia baino gehiago (127) jatorriz Extremadurakoak zirela (125 Badajozekoak eta 2 Caceresekoak), eta haietako 87 Castuerako presondegitik eraman zituztela.
Hildako Extremadurako preso horiez gainera, Gaztela-Mantxako 41 (34 Ciudad Realekoak, 4 Toledokoak eta 3 Albacetekoak) izan ziren, 22 Malagako espetxetik hara eramanak, 7 Tarragonakoak eta beste 28ak, Estatuko beste probintzia batzuetakoak.
Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua da biktimak identifikatzeko lanak koordinatzeko arduraduna, eta lortu du, gaur arte, Bizkaiko espetxeko biktimen 41 familiarekin harremanetan jartzea, eta kudeatu du haiekin, dagoeneko, DNAren laginketa egiteko lana.
EAEren ordezkaritza Castueran izan da, handik dei bat egiteko Urduñako espetxean hildako presoen senitartekoei, harremanetan jar daitezen eta identifikazio-prozesuari buruzko informazioa emateko. Horretarako, 944 032 845 zenbakira deitu edo gogora@euskadi.eus helbidera idatz dezakete.
Helburua da ahalik eta senitarteko kopuru handienarekin harremanetan jartzea, gorpuzkien identifikazio genetikoa egiteko DNA eman ahal izateko. Hil zirenetik igaro den denborak, hezur-hondarretatik atera daitekeen DNAren kalitateak eta DNA ateratzen duen senitartekoaren ahaidetasun-mailak zehazten du, neurri handi batean, identifikazio genetikoa lortu ahal izatea.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa