08:30

Politika

Bake-prozesua

Foro Sozialak martxoan esango du 'agur', "gatazka erabat amaituta ez badago ere"

AGENTZIAK | EITB MEDIA

"Helburu gehienak bete izanaren" harrotasunarekin emango dio amaiera bere ibilbideari, "bizikidetza demokratikoaren oinarriak finkatzen lagundu" duelakoan. Pendiente dituen erronketako bat: "salbuespen-politika guztia desmuntatzea".

01:11
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Foro Sozial Iraunkorrak iragarri duenez, datorren martxoan amaitutzat emango du "lan-epea", baina iragarri duenez, konpondu gabeko "indarkeria-zikloaren ondorioak" daude eta, hortaz, "prozesua ez da bukatu".

Azken urteetako lana baloratzeko topaketa egin dute larunbat honetan Durangon. Irakurritako adierazpenean Agus Hernanek eta Nekane Altzelaik gogoratu dutenez, Foro Soziala "2013ko martxoan sortu zen, Lokarriren eta Bake Bidearen eskutik, blokeo anitzen garaiaren testuinguruan, gizarte zibiletik indarkeria-zikloaren ondorioen konponbidea bultzatzeko".

"Foro Sozial Iraunkorra 2016ko ekainean sortu zen 12 gomendio horiek lantzeko. Bere ibilbidean zehar, lau Foro Sozial sektorial antolatu ditu, gomendioak eguneratuz eta alde anitzeko espazioak sortuz. Espazio horietan, pixkanaka, konponbiderako markoen oinarriak adostu dira, besteak beste, armagabetze zibila eta ETAren desegitean, biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidean, presoen auziaren konponbidean eta memoria kritiko inklusiboa eraikitzean, gertatutakoa ahaztu gabe eta pairatu dugunaz ikasita, bizikidetza demokratikoa sendotzeko bidean aurrera egiten lagunduko digun memoria bat", adierazi dute.

"Belaunaldi berriei gizarte hobea uzteko gure ekarpena egin izanaz harro"

Foro Sozial Iraunkorra osatzen duten 17 erakundek eta pertsonek adierazi dutenez, "asko egin da aurrera azken 10 urteotan. Aurrerapen horiek guztiak egin ahal izan dira  heldutasun nahikoa egon delako konfiantzazko espazioak eraikitzeko. Espazio horiek adostasunak sortu dituzte eta horiei esker aurrerapauso garrantzitsuak eman ahal izan dira eremu guztietan".

Gainera, "Foro Sozial Iraunkorraren aniztasuna" azpimarratu dute, eta haien hitzetan, "I. Foro Sozialean aurkeztutako hamabi gomendioetatik, hamaika bete dira edo oso aurreratuta daude eta konponbiderako markoak definituta dituzte. Besteetan, markoen oinarriak ezarrita daude". "Foro Sozial Iraunkorrak harrotasunez esan dezake helburu horietara iristeko zegokion lana egin duela", ondorioztatu dute.

Hori dela eta, datorren martxoan, I. Foro Sozialaren 10. urteurrenarekin bat eginda, "VI. Eta azken Foro Soziala" egingo dutela iragarri dute. "Aho batez hartu dugu gure lan-etapa amaitzeko erabakia, balantze zorrotz batean oinarrituta, belaunaldi berriei gizarte hobea uzteko gure ekarpena egin izanaz harro", adierazi dute. Dena dela, fase honetan arrisku argi bat aipatu dute "desmemoria". "Arrisku hori elikatzen ari da memoriaren gaia publikoki tratatzen ari den moduarekin. «Kontakizunaren bataila»ren inguruan dagoen krispazioak izugarri gogaitzen du gizartea", ohartarazi dute.

"Behin preso guztiak Zaballako, Basauriko, Martuteneko eta Iruñeko espetxeetan zigorrak betetzen egonda, ebazpen-esparrua definituta dago: salbuespen-politika guztia desmuntatzea, biktimen mina errespetatzea, graduen eta baldintzapeko askatasunen ohiko aplikazioa, preso proaktiboak birgizarteratze-prozesuetan, adostutako Justizia Leheneratzailea hala nahi dutenentzat", esan dute.

Amaitzeko, pendiente geratzen diren zereginak zehaztu dituzte, hala nola, "salbuespen-politika guztia desmuntatzea, zehazkiago, zigorrak metatzeari eta 40 urte osorik betetzeari buruzko 7/2014 eta 7/2003 legeak; iheslarien eta deportatuen gaia; eta emakume preso eta iheslarien egoera espezifiko".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena