08:05

Politika

BAKE PROZESUA EUSKADI

Foro Sozialak bere jarduna amaitutzat eman du, "fase berri bati" bide emango dioten "aurrerapenak" lortuta

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Erabakiaren inguruko xehetasunak eta emango dituen hurrengo urratsak zehaztuko ditu datorren larunbatean, urtarrilak 21, Durangon egingo den ekitaldi batean. Foro Sozial Iraunkorra 2016an sortu zen, Euskadiko bake-prozesua ixteko.

1:17
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Foro Sozial Iraunkorrak, Euskadiko bake prozesua ixteko sortu zen taldeak, bere etapari amaiera ematea erabaki du. Erakundea osatzen duten 17 erakunde eta pertsonen arabera, "aurrerapen esanguratsuak" lortu dira lan eremu guztietan. Ildo horretan, uste dute aurrerapen horiek erronka eta tresna berriak izango dituen etapa berri bati ateak irekiko dizkiola.

EITBk jakin duenez, Foro Sozial Iraunkorra izenez ezaguna den sareak datorren larunbatean, urtarrilak 21, emango ditu erabakiaren inguruko argibideak Durangon egingo duen ekitaldian. Egun horretan, hemendik eta aintzinera, epe motzean, emango dituen pausoak zeintzuk izango diren ere zehaztuko du, "beren lana behin betiko amaitutzat jotzeko".

Foro Sozialaren zereginarekin jarraitzeko helburuarekin eta bake-prozesua bultzatzeko asmoz, 2016an sortu zen Foro Sozial Iraunkorra. Urte horietan zehar aurrerapauso nabarmenak izan direla azpimarratu du, batez ere, 4 arlotan: armagabetzean eta ETAren desegitean, biktimei dagokionean, presoen gaian eta memoriaren esparruan.

Armagabetzea eta ETAren desegitea betetzat jo dute Foro Sozialeko partaideek, eta biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubideari buruzko adostasuna ere zehaztuta dagoela edo zehazten hasita dagoela.

Presoen auzian, berriz, sakabanaketa-politikaren amaierarekin, "presoentzako ebazpen-esparrua definituta" dagoela zehaztu du, besteak beste, "salbuespen-politika" bertan behera uztea, "biktimen mina errespetatzea" edo "baldintzapeko graduak eta presoen askatasunak indarrean jartzea".

Amaitzeko, memoriari alorrean, horrek inklusiboa, kritikoa eta ez autojustifikatzailea izan behar duela bat datoz eragile guztiak. Zentzu horretan, "indarkeriarik gabeko bizikidetza demokratikoaren etorkizunean aho bateko akordioa" dagoela nabarmendu du.

Hala ere, "egiteke dauden gaiak eta egiteko dagoen bidea" oraindik luzea dela adierazi du, baina Foro Sozial Iraunkorrak uste du erronka berrietarako "tresna berriak" beharrezkoak direla.

Foro Sozial Iraunkorraren Historia

Bake Bideak eta Lokarrik antolatutako lehen Bake Foroa Biarritzen egin zen 2012ko abenduan. Ondoren, 2013an eta 2014an "bake prozesuan bultzatzeko lehen bi Bake Foroak" antolatu ziren Bilbon eta Iruñean, Lokarriren, Bake Bidearen eta beste erakunde batzuen eskutik.

2015ean Lokarrik bere ibilbidea amaitu ondotik, 2016ko urtarrilean III. Foro Soziala egin zen, armagabetzea ardatz hartuta. III. Foro Sozial hura bultzatzearekin batera, hausnarketa-prozesu bat abiatu zen Gernikan, "Foro Sozial Iraunkorrari" forma emateko. Urrian aurkeztu zen, Donostiako Aiete Jauregian, Bakearen aldeko Nazioarteko Konferentziaren 5. urteurrenean.

Urrats erabakigarriak ematea ahalbidetuko zuten adostasunak sendotzeko asmoz, orduz geroztik Foro Sozialak antolatu ditu armagabetzeari, presoei, biktimen eskubideei, bizikidetza demokratikoari edo memoriari buruzko gomendioak emateko.

Zenbait pertsonak eta gizarte zibileko hainbat erakundek osatu dute erakundea: ELA, LAB, CCOO, Steilas, ESK; Ahotsak, Bake Bidea, Baketik, Paz con Dignidad; Sare, Etxerat, Egiari Zor Fundazioa; Gernika Batzordea; Bilgune Feminista, Herri Eliza, Antxeta Irratia eta Hitz & Hitz).

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena