Politika
Abortuaren aurkako protokoloa
Agentziak | EITB Media
Abortuaren Legea urratu dezaketen neurrien aurreko Juntaren gaitasun ezari buruzko errekerimendua egingo du Ministroen Kontseiluak. Voxek, bere aldetik, protokoloa betetzen ez bada, Gaztela eta Leongo Gobernua uzteko mehatxua egin du.
Ministroen Kontseilua. Argazkia: EFE.
Albisteak (1)
Gaztela eta Leonek martxan jarri nahi duen abortuaren aurkako protokoloa Justiziaren aurrera eramateko lehen pausoa emango du gaur Espainiako Gobernuak. Ministroen Kontseiluak, martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoa "urratzen edota kaltetzen duen edozein neurriren aurrean", Juntaren gaitasun ezari buruzko errekerimendua egingo du.
Komunikaziorako Estatu Idazkaritzak bidalitako oharrean dioenez, Abortuaren Legea izenez ezagutzen denaren edo hura garatzen duen 825/2010 Errege Dekretuaren aurkako edozein ekintzaren inguruko errekerimendua izango da, baita "egitatezko bidea" izan daitezkeenen aurkakoa ere.
Espainiako Gobernuak duela bi egun errekerimendu ofizial bat bidali zion Gaztela eta Leongo Juntari haurdunaldia eteteko legea urratu dezaketen neurriak hartzeari uko egin ziezaiola eskatzeko.
Alfonso Fernández Mañuecok, Juntako presidenteak, medikuak eta haurdun dauden emakumeak ez direla ezertara behartuko adierazi zuen, errekerimendua jaso ondoren. Gobernuan kide duen Voxeko García-Gallardok, ordea, abortua ekiditeko protokoloa medikuek derrigorrez bete beharrekoa dela berretsi zuen.
Laura Garridok, Euskadiko PPko idazkari nagusiak, Vox alderdiari aurpegiratu dio gaia interes elektoralerako erabiltzea eta Alderdi Popularraren jarrera argia dela azpimarratu du: "lege bat indarrean dago eta aplikatu egingo da".
Voxen mehatxua
Alderdi Popularraren azken adierazpenek Voxen jarrera gogortu egin dute. Ignacio Garrigak, alderdiko idazkari orokorrak, "biziaren aldeko protokoloa betetzen ez bada, Gaztela eta Leongo Gobernuan jarraitu edo ez" erabaki beharko dutela esan du. Bere hitzetan, gai hau Junta osatzea ahalbidetu zuen akordioaren parte da eta PPk sinatu egin zuen. Alderdi Popularreko kideak hitzekoak diren ustea daukala eta, azkenean, protokoloa indarrean jarriko dela ziurtatu du.
Madrilgo Gobernuak egindako errekerimenduari buruz galdetuta, Pedro Sanchezen kanpainatzat jo du eta "Gobernuak Vox-i dion beldurra"ren adibidea dela adierazi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa