21:55

Politika

Proposamen polemikoa

Abortuak saihesteko araurik ez onartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuak Gaztela eta Leoni

Agentziak | EITB MEDIA

Pedro Sanchezen Gobernuak adierazi du ordenamendu juridikoaren mekanismo guztiak erabiliko dituela emakumeen abortatzeko eskubidea defendatzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzetan. Gaztela eta Leonek haurdunei protokoloa aplikatzeko autonomia defendatu du.

01:25
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Gobernuak errekerimendu ofiziala egin dio Gaztela eta Leongo Osasun Kontseilaritzari, haurdunaldia borondatez eteteari dagokionez ez dezan onartu edo aplikatu egungo araudia urratzen duen neurririk.

Gobernuak ohar baten bidez iragarri du errekerimendu hori, Gaztela eta Leongo Juntak abortuak saihesteko iragarritako protokoloen aurrean.

Gobernuak dio ordenamendu juridikoak bere esku jartzen dituen mekanismo guztiak erabiliko dituela emakumeen askatasuna eta haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea defendatzeko, indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera.

Taupada 4D-n entzun

Era horretan erantzun die Espainiako Gobernuak Gaztela eta Leongo protokoloan abortuen arloan iragarri diren aldaketei. Izan ere, aldaketa horien ondorioz, ginekologoek zuzenean osasun mentalera bideratuko lituzkete haurdunaldia eteteko asmoa duten emakume haurdunak, seigarren eta bederatzigarren asteen artean fetuaren taupadak entzuteko aukera egongo litzatzeke, eta haurdunaldiaren azken etapan egiten diren 4D ekografiak zerbitzu-zorroan sartuko lirateke.

Gaztela eta Leongo presidenteorde Juan Garcia-Gallardok, Voxekoak, iragarri zituen aldaketa horiek; baina, ondoren Juntako presidente Alfonso Fernandez Mañuecok, PPkoak, zuzendu egin zuen hura, neurri horien borondatezkotasuna azpimarratuz, eta, gainera, ukatu egin zuen bere helburua abortuaren aurkakoa zenik.

Juntak bere autonomia defendatzen du

Gaztela eta Leongo Juntak ziurtatu du "erabateko autonomia" duela haurdun dauden emakumeei osasun-prestazioa hobetzeko edozein protokolo onartzeko, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio ez dezala zuzendu "Autonomia Estatutuan jasotako autonomia eta eskumenak urratzen dituzten errekerimendurik". 

"Jaiotza-tasa eta familiari laguntzeko neurriez ari gara", argudiatu du Gaztela eta Leongo Juntak, Gobernuak Osasun Kontseilaritzari haurdunaldiaren borondatezko eteteari dagokionez egungo araudia urratzen duen neurririk ez onartzeko edo ez aplikatzeko ofizialki eskatu diola jakin ostean.

Alfonso Fernandez Mañueco Gaztela eta Leongo Juntako presidenteak "onartezintzat" jo du igande honetan Espainiako Gobernuak egindako eskaera, eta, bere ustez, "gezurretan" oinarritutako "erasoa" da, "alarma soziala sortzeko asmoarekin".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena