Politika
EUSKADI IRRATIA
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan du, "lehia politikoan sartu gabe", azken urteotan ustelkeriaren inguruan kaleratutako sententziak irakurtzea nahikoa dela EAJren eredua zein den jakiteko: "Alonsotegi, Getaria, LEPak... Zerrenda oso luzea da. Lagunkeria eta erregimen klientelarra".
Arnaldo Otegi, Euskadi Irratian. Argazkia: EITB Media
Asteon Auzitegi Gorenak De Miguel auziko zigorrak berretsi ondoren, bi gogoeta utzi nahi izan ditu mahai gainean Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, "alderdien arteko lehian sartu gabe". Ustelkeriaren inguruan kaleratu diren "ebazpenetan jasota dauden datuek" argi uzten duten, haren iritzian, EAJren kudeaketa eredua zein den, "lagunkerian eta erregimen klientelarrean oinarritutako sistema". Horren aurrean, "ardura politikoa" eskatu du, "herritar guztien aukera berdintausna bermatuko duen eta ustelkeriarik ez" dagoen herri baten aldeko apostu irmoa eginez. Ildo horretan, Otegik uste du "ustelkeria kasuekin EAJ bera bakarrik" ari dela "bere burua higatzen".
"Getaria, Alonsotegi, LEPak... zerrenda oso luzea da. Galdetu jendeari kalean hori ikusi al duten edo ez inguruan. Datuak hor daude. EH Bilduk ustelkeria zero kasu ditu. Guk beste herri eredu bat nahi dugu... Euskaldunok badugu eskubidea errepublika zintzo batean bizitzeko eta gauza hauek ezin dira gertatu. Eta gertatzen badira, onartu egin behar dira. Ez du balio 'kargutik kendu ditugu' esateak. 12 urtez egon dira karguan pertsona horiek. Hori da larria hemen", gehitu du.
Hala, gogorarazi du ustelkeriari aurre egiteko, Eusko Legebiltzarrean "behatoki independentea" sortzea proposatu izan duela bat baino gehiagotan ezker abertzaleko koalizioak, baina "EAJk eta PSEk atzera bota" izan dutela beti ekimen hori
Bestalde, besteak beste sedizio delitua indargabetzea ekarriko duen eta gaurtik indarrean dagoen Zigor Kodearen erreformaz galdetuta, EH Bilduko buruzagiak esan du "afera politikoa dela, eta ez juridikoa" atzean dagoena eta "Espainiak ulertu nahi ez duena". Dirua bidegabe erabiltzearen delitua jarri du adibide gisa: "Herri batek hautetsontziak jarri zituen bere etorkizuna erabakitzeko, eta hori delitua da Espainian. Dirua erabiliko zuten horretarako, noski. Baina, berdina al da dirua herriari galdetzeko erabiltzea edota poltsikoak betetzeko erabiltzea? Eztabaida politikoa da, ez juridikoa. Hemen bada jendea zigortua izan dena herriari ahotsa emateagatik".
Auzitegi Konstituzionalaren berritzea ere izan du hizpide, eta "esanguratsuak" iruditu zaizkio Candido Conde Punpido erakunde horren presidente izendatu berriak karguaren jabe egin orduko esandakoak. Autodeterminazio eskubideak Espainiako Konstituzioan ez duela lekurik esan zuen atzo, eta horrek argi erakusten du, Otegiren iritzian, zein den jarrera. Ez du uste, gainera, magistratu progresista eta kontserbadoreen artean alde handirik dagoenik. "Funtsezko gaietan antzera pentsatzen dute". "Aldaketak ekarriko ote dituen eraketa berriak? Ez dakit. Ni kartzelatua izan naiz beti PSOEren Gobernuekin", esan du.
Ate-joka diren hauteskundeei buruz, berriz, ez du argitu hautagai izango den edo ez. "Ez daukat pentsatuta, eta ez daukat anbiziorik horretarako. Ni militante politikoa naiz", esan du. Hori bai, EH Bildu koalizioa parez pare duen "ziklo elektoral luzeari" aurre egiteko etxeko lanak egiten ari dela aitortu du, eta erronka nagusiak zeintzuk diren azaldu: "Gipuzkoan irabazteko aukera argia dugu. Araban eta Nafarroan lehian egongo gara, eta Bizkaian EAJrekiko tartea murriztea da gure helburua. Hortik harago, udaletan lehen indar munizipalista izaten jarraitu nahi dugu, beste herri eredu bat eraikitzeko".
Zentzu horretan, "pribatitzazioa baztertu", eta egitasmo burujabeak erdigunean jarriko dituen eredua defendatuko du EH Bilduk hurrengo bozetan, izan trantsizio energitikoaren bidean, osasungintzan edota hezkuntzan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa