Politika
Analisia
25 biktimek adostu duten aldarrikapenaren oinarriak sakonak dira oso. Pentsaera politikoan oso urrun dauden pertsonek oinarri etiko komun bat finkatu dute.
Glenncreeko hazia. Argazkia: EITB
Euskal Herrian indarkeria ezberdinak jasan duten 25 biktimaz osatutako talde anitz batek aurkeztu duen adierazpena mugarri bihurtu da ETAren amaieraren prozesuan.
Duela bost urte Irlandan hasitako lan isilaren emaitza da adierazpena. Dublindik gertu, Glenncreeko Bake eta Adiskidetze Zentroan, bildu zen lehen aldiz, 2007an, terrorismoaren euskal biktimen talde bat, Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Zuzendaritzaren gidaritzapean. Orduko Jaurlaritzak kolore abertzalea zuen, eta 2006ko su-etenak ETAren amaiera gertu egon zitekeela adierazten zuen. Bost urte hauetan, beste indarkeria mota batzuk pairatu dituzten biktimak bildu zaizkio lehen talde horri, komunikabideen eta iritzi publikoaren presiotik at egin den lanaren bidez. Ez da egiteko erraza izan, eta izaera ezberdineko biktimak elkarrekin eseri eta ados jartzeko prozesuak lan eskerga izan du atzean.
25 biktimek adostu duten aldarrikapenaren oinarriak sakonak dira oso. Pentsaera politikoan oso urrun dauden pertsonek oinarri etiko komun bat finkatu dute. Euskal eztabaida politikoan ohikoak diren mugak urratu dituzte adierazpen hau bultzatu dutenek, eta horrek berak ematen dio aparteko balioa.
Aldi berean, erakundeei eta gizarteari eskatu beharrekoa zehaztu dute. Taldearen izaera pluralak, gainera, zirrikitu gutxi uzten ditu alde bateko zein besteko kritiketarako: adierazpen honek jasotzen dituen oinarriak kontuan hartu beharko dituzte alderdi politiko zein erakundeek etorkizuneko elkarbizitzaren oinarriak finkatzeko orduan.
Biktima talde honen ahotan aparteko indarra eta esanahia hartzen dute aldarrikapenok: pairatu duten indarkeriaren bidegabekeria; indarkeria erabili dutenek egin dutenaren ardura euren gain hartzea; eragindako samina aitortzea; iraganaren irakurketa autokritikoa egitea, eta elkarbizitza baketsu baten oinarriak finkatzea.
Hori guztia, besteak beste justiziak, egiak, memoriak eta adiskidetzeak marrazten duten joko-zelaiaren baitan. Erronka nagusi hori du euskal gizarteak ETAren ondoren zabalduko den garairako.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa