15:13

Politika

Ustelkeria politikoa

Alfredo de Miguel eta gainerako kondenatuei ustelkeriagatik ezarritako zigor nagusiak berretsi ditu Gorenak

EITB Media

Arabako jeltzaleen "bigarrena" zenak bederatzi urte bete beharko ditu. Koldo Ochandianok, bestalde, sei urte eta bederatzi hilabete. Azkenik, Aitor Telleriak 5 urte pasatxo eman beharko ditu giltzapean.

1:34
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

De Miguel auzian zigortutako hiru EAJren buruzagi ohiei ezarritako zigor nagusiak baieztatu ditu gaur Auzitegi Gorenak. Arabako Lurralde Auzitegiak duela hiru urte eman zuen epaia, Euskadin inoiz epaitutako ustelkeria kasu handienari dagokiona. Zigortutako batzuek helegitea aurkeztu zuten Gorenean, eta gaur eman du jakitera auzitegiak epai irmoa

Hori horrela, lurralde auzitegiak 2019an hiru akusatu nagusiei —Alfredo de Miguel, Koldo Ochandiano eta Aitor Telleria— ezarritako zigorrak berretsi ditu Auzitegiak. 13 eta 6 urte bitarteko zigorra ezarri zien, baina espetxean eman beharreko gehienezko tartea 9-6 urtekoa izango zela ebatzi. Gorenak ere irizpide horri eutsi dio, zigorrak apur bat jaitsi baditu ere. Hori horrela, hirurak kartzelan sartu beharko dira

Alfredo de Miguel EAJk Araban zuen "bigarren" eta foru diputatua izandakoari 12 urte eta 4 hilabeteko zigorra ezarri dio Gorenak —lehen instantzian, 13 urte eta hiru hilabeteko kondena izan zen—, kargu publikoan aritzeko gaitasungabetzea eta isunak ezartzeaz gain. Honako delituak egotzi dizkio auzitegiak: funtzionario-eroskeria pasiboa, merkataritzako dokumentua faltsutzea, diru publikoa bidegabe eralgitzea, funtzionario-eroskeria ezegokia, kapitalak zuritzea eta zilegi ez den elkartea eratzea. Eragimen-trafikoaren delitutik absolbitu du Gorenak. Arabako Auzitegiak ezarri bezala, kartzelan eman beharreko gehienezko tartea 9 urtekoa izango da. 

Koldo Ochandiano alderdikideari dagokionez, ezarritako zigorrari eutsi dio Gorenak, hau da, 7 urte eta 6 hilabetekoa, baina espetxean 6 urte eta 9 hilabete egingo ditu gehienez. Bestalde, Aitor Telleria EAJko buruzagi ohiarentzat txikiagoa izango da bete beharreko zigorra: 6 urte eta erdikoa barik, 5 urte eta hilabete batekoa bete beharko du. Arabako EAJren buruzagitzako hiru kide ohiei honako delituak leporatu dizkie Gorenak: funtzionario-eroskeria pasiboa, merkataritzako dokumentua faltsutzea, diru publikoa bidegabe eralgitzea, funtzionario-eroskeria ezegokia, kapitalak zuritzea eta zilegi ez den elkartea eratzea.

Javier Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendaria izandakoari ezarritako zigorra ere berretsi du Auzitegiak: 7 urte eta hilabetekoa, hain justu. Gorenaren aburuz, prebarikazio delitu jarraitu egiteko ezinbesteko laguntzaile izan zen, eta honako delituen egile: eragimen-trafikoa, diru publikoak bidegabe eragiltzea eta dokumentuak faltsutzea. 

Bestalde, Julian Andres Sanchez Alegria EAEko parke teknologikoen presidente ohia kargu guztietatik absolbitu dute, proba faltagatik. 

Ustelkeria sarea

Gorenaren Zigor arloko Aretoak 344 orrialdeko epaian azaltzen duenez, hiru politikari ohiek (De Miguel, Ochandiano eta Telleria) "EAJren Arabako zuzendaritzako kide ziren aldetik, euren influentzia politikorako gaitasuna eta udal zein EAEko administrazioaren ardura postuetan zeuden hainbat pertsonarekin zuten adiskidetasun politikoa baliatu zituzten hainbat obra eta zerbitzu kontratu esleitzeko, komisioen truke". 

Epaiak frogatutzat eman duenez, komisio horiek kobratzeko hainbat sozietate (Kataia Consulting SL, Errexal SL edota Ortzi Muga SL) sortu zituzten ustezko zerbitzu eta obra horiek fakturatzeko, eta euren ardura ezkutatzeko, izen-mailegatzaileen izenean jarri zituzten (bi kasutan, De Miguel eta Ochandianoren emazteen izenean). 

Are gehiago, hainbat kasutan eta betiere Gorenaren arabera, inoiz egin ez ziren obrengatik kontratua erdietsi zuten sozietateok, sarearen "etekinak are handiagoak" izatea lortuta. 

Gorenak ezarritako zigorrak

Alfredo de Miguel: 12 urte eta 4 hilabete (gehienez, 9 urte)

Koldo Ochandiano: 7 urte eta 6 hilabete (gehienez, 6 urte eta 9 hilabete)

Aitor Telleria: 5 urte eta hilabete 1

Javier Sanchez Robles: 7 urte eta hilabete 1

Iñaki San Juan (Leioa zinegotzi ohi eta enpresaburua): 4 urte, 4 hilabete eta 15 egun

Josu Azkarraga (enpresaburua): 4 urte, 4 hilabete eta 15 egun

Ainhoa Bilbao (Alfredo de Miguelen emaztea): Urtebete eta 6 hilabete

Iratxe Gaztelu-Urrutia (Ochandianoren emaztea): Urtebete eta 6 hilabete 

Sergio Fernandez Oleaga (enpresaburua): Urtebete eta 6 hilabete

Jon Iñaki Echaburu (enpresaburua): 5 hilabete

Maria Justina Angulo (Zanbranako alkate ohia): 9 urteko gaitasungabetzea

Alfonso Carlos Arriola (Arabako Parke Teknologikoaren kudeatzailea): 4 urteko gaitasungabetzea

Absoluzioak

De Miguel, Telleria, San Juan eta Arriola jardunbide jakin batzuetan absolbitu dituzte.

Julian Andres Sanchez Alegria (EAEko parke teknologikoen presidentea): kargu guztietatik absolbitu dute proba faltagatik. 

Jon Iñaki Echaburu (enpresaburua): eroskeriagatik eta zilegi ez den elkartea eratzeagatik absolbitu dute. 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena