Politika
Urte amaierako mezua
agentziak | eitb media
EH Bilduk kritikatu du lehendakariaren mezuak "asmo eta hitz onak baino ez" dituela ekarri. PSE-EEk aitortu du 2023ko erronketako bat "osasun sistemaren kalitatea berreskuratzea" izango dela, eta Ezker Anitza-IUk "publikoa lehen lerroan jartzea" eskatu du.
Donostia ospitaleko medikuak. Argazkia: Efe
Euskal alderdi politikoek berehala erantzun diote Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak urte amaierako mezuan esandakoari, eta Osakidetza izan da hizpide nagusietako bat.
Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen hitzetan, "egungo ziurgabetasunean, mezu patxadatsu eta etorkizunarekiko konprometitua" bidali du Iñigo Urkullu lehendakariak. Komunikabideen aurrean Donostian egindako agerraldian Egibarrek azpimarratu duenez, Euskadik "oinarri oso sendoak" ditu etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
Bestalde, Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidearen ustetan, "ekintza politikorekin bat ez datozen asmo eta hitz onak" ekarri ditu lehendakariaren mezuak. "Eta hori oso argia izan da gazteen emantzipaziorako arazoak edo Osakidetzako egoera aipatu dituenean", gaineratu du. Kortajarenaren esanetan, iaz ere euskal osasun sistemaren inguruko antzeko mezuak zabaldu zituen lehendakariak.
Ekain Rico PSE-EEren Politika Publikoen idazkariak esan du politika sozialistek "fruituak" eman dituztela, baina aitortu du 2023ko erronketako bat "pandemiaren ostean osasun sistemaren kalitatea berreskuratzea" izango dela.
"2022a gustura itxi dugu politika sozialistak fruituak ematen ari direlako. Euskadin ere bai, zerbitzu publikoen defentsan eta gehien behar dutenak babesten", adierazi du PSE-EEren ordezkariak, EAJren gobernukide denak.
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak defendatu duenez, "hobetzeko tarte handia dago Euskadi hobea eta batuago lortzeko". Gainera, lehendakariak garatutako "eredu politikoa" kritikatu du, eta "gehiengoaren interesak lehenestearen" alde egin du.
Gorrotxategiren esanetan, Euskadiko hezkuntza-sistema "Estatuko bereizgarriena" da, "ez une zehatz batean hartutako erabaki txarrengatik, itunpeko ikastetxe pribatuak babesteko apustu garbia dagoelako baizik".
Iñigo Martinez Ezker Anitza-IUren Antolakuntza idazkariak, bestalde, azpimarratu du asmo onetatik harago, Eusko Jaurlaritzak norabidea aldatu beharko lukeela horiek betetzeko, "ez baita hobetzeko tartea egotea, baizik eta kudeaketa eredua aldatzea publikoa lehenengo lerroan jartzeko", Osakidetzari erreferentzia eginez, besteak beste.
Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidenteak adierazi duenez, Urkulluren mezuan "autokonplazentzia asko eta autokritika gutxi izan dira, ez baitu aipatu Eusko Jaurlaritza eta EAJ bera egiten ari diren kudeaketa negargarria".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa