Politika
Bizkaia
Agentziak | EITB Media
Joan den azaroaren 23an, Usansoloko herrigunea Galdakaoko Udaletik desanexionatzea onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek. Estatuko Abokatutzak helegitea jarri du, uste duelako desanexioak urratu egiten duela udalerri berriek gutxienez 5.000 biztanle izateko baldintza.
Usansoloko bizilagunek desanexioa ospatu zuten azaroaren 23an. Irudia: EITB
Estatuko Abokatutzak helegitea aurkeztu du gaur Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan Usansolo Galdakaotik bereiztea eta udalerri independente berri gisa eratzea onartu zuen Bizkaiko Batzar Nagusien erabakiaren aurka.
Joan den azaroaren 23an, Bizkaiko Batzar Nagusiek Usansoloko herrigunea Galdakaoko Udaletik desanexionatzea onartu zuten, eta, ondorioz, udalerri independente berri bat eratu zen, Bizkaiko 113.a.
Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak jakinarazi duenez, Estatuko Abokatutzak (Justizia Ministerioaren menpe dago) helegitea jarri du, desanexioak udalerri berriek gutxienez 5000 biztanle izateko baldintza urratzen duela uste duelako (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 13.2 artikuluan ezartzen da baldintza hori).
Gaur egun, Usansolok 4.520 biztanle ditu, eta, beraz, ez da iristen Estatuko legeak ezarritako 5.000ra.
Gainera, Estatuko Abokatutzak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari eskatu dio Bizkaiko 9/2012 Foru Arauaren artikulua baliogabetzeko, 2.500 biztanlera murrizten baitu kopuru hori, uste baitu udalerrien bereizketaren gaineko foru-eskumena prozedura arautu eta izapidetzeko baino ez dela, baina funtsezko betekizunak Estatuaren eskumenekoak direla.
Orain Usansolo aurkitzen den egoera berean egon zen Ezkio Itxaso (Gipuzkoa). Lau urtez bi udalerri independente izan ziren, eta Justiziak udalerri bakarra izatera behartu zituen, iaz Auzitegi Gorenak desanexioa baliogabetu zuenean.
EH Bilduk uste du Estatuko Abokatutzak hartutako erabakia "usansolotarren borondatearen aurkako erasoa" dela, "eta euskal erakundeak gutxietsi ditu, zehazki Bizkaiko Batzar Nagusiak, horietan ordezkaritza duten alderdi politiko gehienek erabaki baitzuten indarrean dagoen eta erabat aplikatzen den Foru Arau baten esparruan, Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izan daitekeela".
Ohar batean, koalizioak adierazi du "horrelako erasoen aurrean" beharrezkoa dela euskal erakundeen burujabetza eta herri-subiranotasuna aldarrikatzea eta baliaraztea.
Era berean, prozesu hori babestu duten erakunde eta indar politiko guztiei dei egin die dagozkien erakunde eta tokietan batera jarduteko, Usansoloko bizilagunen borondatea "behin betiko" errespetatzeko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa