Politika
Osoko bilkura
Agentziak | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak pozik hartu du Estatuko Aurrekontu Orokorrak behin betiko onartu izana, eta Exekutiboaren "politika mesedegarria" goraipatu du "herrialde honetako gehiengo sozialarentzat", "beste batzuen zarata interesatuaren aurrean".
Maria Jesus Montero Ogasun ministroa, Senatuan. Argazkia: EFE
Senatuko Osoko Bilkurak behin betiko onartu du 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea. Bertan, pentsioen % 8,5eko igoera, aldiriko zerbitzuen doakotasuna eta errenta baxuen PFEZa jaistea jasotzen dira.
Goi Ganberako Osoko Bilkurak legea onartu du zuzenketarik sartu gabe, eta, beraz, aurrekontua behin betiko onartu da, Kongresura itzuli beharrik gabe.
Koalizio Gobernuaren hirugarren aurrekontuak dira, eta, ziurrenik, azkenak ere bai, 2024ko balizko kontuak tramitatzeko egutegiak bat egingo duelako Gorteak desegitearekin eta hauteskunde-kanpainarekin.
Aurrekontuek PSOE, Unidas Podemos, EAJ, EH Bildu, PDeCAT, Coalición Canaria, Más País, Compromís eta PRC alderdien babesa izan dute Kongresuan, eta Senatuan Mes per Mallorca, PAR eta Gomera talde sozialista batu zaizkie.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak pozik hartu du Senatuko Osoko Bilkurak 2023ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak behin betiko onartu izana, eta Exekutiboaren "politika mesedegarria" goraipatu du "herrialde honetako gehiengo sozialarentzat", "beste batzuen zarata interesatuaren aurrean".
Maria Jesus Montero Ogasun ministroak ere txalotu egin du "nazioarteko zailtasunak gainditzea" ahalbidetuko duten kontuak onartzea, baita zerbitzu publikoak eta produkzio sarea indartzea ere. Halaber, eskerrak eman dizkie talde guztiei "adostasuna" lehenesteagatik.
Konstituzionalaren azken erabakiak baldintzatutako saioan, Maria Dolores Etxano Varela EAJko senatariak babestu egin du "egungo egoera ekonomiko eta sozialera egokitutako" aurrekontuak izatea, eta Idurre Bideguren EH Bilduko ordezkariak "gizarte, ekonomia eta lurralde mailan egindako aurrerapenengatik" nabarmendu ditu.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa