11:31

Politika

Euskararen Nazioarteko Eguna

Euskararen etorkizunerako giltzarria adostasuna dela ondorioztatu du EAJk

EITB MEDIA

EAJren Euzkadi Buru Batzarrak ohar baten bidez adierazi duenez, autogobernuaren eskutik, "euskal herritarron ezinbesteko kontzientzia eta ekimena oinarri hartuta, milaka urteko bere historian ezagutu duen aurrerabiderik sendoena" izan du euskarak.

  • Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidentea. Argazkia: EFE

    Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidentea. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gaur ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, EAJren Euzkadi Buru Batzarrak oharra kaleratu du akordioaren garrantzia azpimarratuz, eta adostasun ezak "liskar soziala" baino ez duela ekartzen ondorioztatuz. Gainera, autogobernuaren eskutik, "milaka urteko bere historian euskarak ezagutu duen aurrerabiderik sendoena" txalotu du EAJk, "euskal herritarron ezinbesteko kontzientzia eta ekimena oinarri hartuta".

Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak (Euskararen Legea) 40 urte betetzen dituenean, alderdi jeltzaleak aitortu du legeak "euskararen eta euskaldunon historian ohorezko tokia" duela. "Baina Euskararen Legeari zor dioguna agerian jartzerakoan, ezinbestez nabarmendu beharko dugu arau horri benetako indarra eta iraunkortasuna eman dizkion ezaugarria: adostasun zabal sendo baten gainean eraikitako legea da eta hortik datorkio, besteak beste, eraginkortasuna", gaineratu dute jeltzaleek.

"Asko zor dio euskarak adostasunari, eta deus ere adostasun ezari. Adostasuna baitu euskararen etorkizunak giltzarri; hondamendi luke euskarak, ordea, adostasun eza. Eta adostasunak borondatea du oinarri ezinbesteko", adierazi du.  

"Norabide ugaritan proiektatu ziren Euskararen Legean adostasunaren ildoak, eta bide horretatik jarraitu behar dugu aurrerantzean ere. Desberdinen arteko adostasunean bilatuko baitugu beti elkarrekin aurrera egiten jarraitzea ahalbidetzen duen konpromisoaren puntu kritikoa, giltzarria. Hortik kanpora, euskarak galbide lukeen liskar soziala baizik ez", esan du EAJk aipatutako oharrean.

Euskaraldia

Euskaraldiaren harira, EAJk adierazi duenez, "pozgarri eta deigarri ez ezik, baliagarri eta bide-erakuslea ere bada Euskaraldiaren inguruko adostasun hori, euskararen benetako ardura praktikoa bere gain hartzen duen gizarte eleaniztun bat eraikitzerakoan".

"Euskaraldiak denon begien bistan agerian jartzen duenez, adostasuna du euskarak aurrerabiderako lema, erabileraren aldeko gizartearen eta norbanakoaren konpromiso tinkoarekin batera, ekimen publiko eta pribatuaren arteko lankidetzarekin batera, elkarren onespen zintzoarekin batera", ondorioztatu du. "Euskarak batzen gaituelako, ez inola ere banatzen", bukatu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena