Politika
Elkarrizketa Radio Euskadin
Itxasok Grande-Marlaskaren jarduna defendatu du eta Melillan "hesiaren kontrako erasoa" egon zela gogorarazi
E. G. | EITB Media
Bestalde, 2023an ere garraio publikoan deskontuak egitearen alde azaldu da Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Nabarmendu duenez, "Euskadik baditu hori egiteko baliabideak eta ahalmena, Estatuak zer egin gorabehera".
-
Itxaso, Gasteizko estudioetan, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak Melillako tragedian Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak izandako jarrera defendatu du, eta gogorarazi ekaineko gertaeretan "hesiaren kontrako erasoa" egon zela, "legez kontra Estatuan sartzeko saiakera bat", eta ondorioz, "hildako asko izan zituen giza tragedia bat".
Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, Grande-Marlaskak atzo Kongresuan egindako adierazpenak babestu ditu Itxasok. Barne ministroak berretsi zuenez, ekainaren 24 hartan ez zen heriotzarik izan espainiar lurraldean, hainbat komunikabidek kaleratutako bideoetan bestela ikus badaiteke ere.
Buruzagi sozialistak lurraldetasunaren kontura argibideak eman nahi izan ditu gaurkoan, "nahasmena" dagoela sinistuta. "Erakunde baten jabetza den lurraldea izanagatik, horrek ez du esan nahi espainiar lurraldea denik", azpimarratu du, eta Artikutzarekin alderatu du, Donostiako Udalarena da, baina Nafarroan dago. Hala, azaldu du Guardia Zibilak espainiar lurraldean bakarrik erabili dezakeela bortxa. Are gehiago, "gertakaria sakon aztertzeko" deia egin du, eta gogora ekarri "hesiaren kontrako erasoa" egon zela. "Erasoa beste lurralde batetik etorrita, zaila dirudi heriotza horien erantzulea Espainiako Estatua izatea", arrazoitu du.
2023an garraiobide publikoan deskontuak mantentzearen kontura EAJren eta PSE-EEren artean sortu den ika-mikaz, Espainiako Gobernuaren ordezkariak esan du beherapena egiten jarraitu behar duela administrazioak, herritarrei mesede egiten dieten neurri soziala baita. Itxasoren aburuz, "gurea bezala erkidego aberats batek, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) deflaktazioak egingo dituenak, gai horren inguruko eztabaida sakona merezi du, Estatuak lagundu ala ez". Azpimarratu duenez, EAEk baditu "baliabidea , ahalmena eta eskumenak" deskontuei eusteko, "Espainiako Estatuak zer egiten duen gorabehera".