12:43

Politika

Kongresua

Marlaskak Kongresuan berretsi du Melillan, ekainaren 24an, heriotzarik ez zela izan espainiar lurraldean

EITB MEDIA

Espainiako Gobernuko Barne ministroak, bigarren aldiz Ganbera horretan, nabarmendu du inor ez zela hil Espainiako aldean.

  • Fernando Grande-Marlaska, asteazkenean, Kongresuan. Argazkia: EFE.

    Fernando Grande-Marlaska, asteazkenean, Kongresuan. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Gobernuko Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak, berriro ere, aldeztu egin du Kongresuan asteazkenean, bigarren aldiz, Guardia Zibilak Melillako hesian egindako lan "neurrizkoa". Egun hartan, gutxienez 23 migratzaile hil ziren, baina Marlaskak berretsi du inor ez zela hil Espainiako aldean

"Esan nuen, eta berretsi egiten dut: gure herrialdetik kanpo izandako gertakari lazgarriak dira", ziurtatu du Marlaskak, gai horrekin lotuta Kongresuan egiten duen bigarren agerraldian. Ordu batzuk lehenago, Lighthouse Reports GKEaren ikerketa bat argitaratu dute zenbait komunikabidek, nazioarte mailan, eta txosten horren arabera heriotzaren bat espainiar lurraldean gertatu zen. Espainiako Gobernuan PSOErekin batera dabilen Unidas Podemosek, inbestidura babestu zuten gainerako alderdiek eta oposizioak ere bat egiten du baieztapen horrekin; izan ere, aurreko astean ezbeharraren irudiak ikusi zituzten, eta, esan zutenez, jende oldea espainiar aldera iritsi zen, Marokoko Polizia Espainiako lurraldean ibili zen lanean, eta osasun arreta ez zen egokia izan.

Marlaskak azpimarratu duenez, Guardia Zibilaren lana (Espainiako Poliziak eta Melillako Udaltzaingoak lagunduta) "erabat neurrizkoa" izan zen; esku hartze horren ondorioz "migratzaile talde handia" ez zen Espainian sartu, esan du, eta, horrez gain, espainiar Estatura sartzen ahalegintzen ari ziren pertsonen jarrera bortitza "baretu" egin zen.

"Ez zen izan heriotzarik espainiar lurraldean", berretsi du: "Estatuko indarren esku hartzea zalantzan jartzen duen edozein espekulazio, susmo edo iradokizun arduragabekeria handia da".

Grande-Marlaskaren iritziz, "arduragabekeria" da, halaber, esatea behar zuten migratzaileek ez zutela osasun-arretarik jaso. "Nazioarteko babesa eskatzea helburu mugako azpiegitura bat behartzen saiatzea justifikatu nahi dutenak" kritikatu ditu Espainiar ministroak, kontuan izanik Asilo Legeak argi zehazten duela zein gunetan dagoen eskatzea babes hori.

"Espainia, zalantzarik ez izan, harrera herrialdea da, asiloa eskatzen duen edonorentzat, baina ezin du onartu inork mugako azpiegiturak indarrez eraitsi nahi izatea", adierazi du. Berriro esan duenez, 1.700 bat migratzaile antolatuk Melillan egindakoa "espainiar mugaren gaineko eraso ahalegina" izan zen, "onartezina eta bortitza".

"Erantzukizuna" eskatu die gainerako taldeei

Barne Batzordeko diputatuen "jarrera etsigarria" deitoratuta ("eskuragarri zeuden irudietako heren bat ere ez dute ikusi", esan du), Marlaskak nabarmendu du "agerikoa" dela "ezbeharra bereziki beste herrialde batean" jazo zela. Esan duenez, hori egiaztatu dute Marokoko eta Espainiako segurtasun indarrek.

Ildo horretan, "erantzukizuna" eskatu die talde guztiei: "Nazioarteko Zuzenbidea eta Estatuen subiranotasunerako eskubidea birdefinitzeko ahaleginak egin dira, partikularren arteko mugetako definizioarekin lotutako argudio katastralak baliatuz, edo gertakariak espainiar lurraldean jazo zirela adierazteko moduko edozein argudio bilatuz, etengabe".

Bereziki gogor egin du PPren aurka; izan ere, aurpegiratu dio "zalantzak" izan dituela Guardia Zibilak Melillan egindako esku hartzearen gainean. "Amarru" horiek zuzentzeko eskatu dio, eta asteartean Esteban Gonzalez Pons idazkariordeak egindako adierazpenak izan ditu aztergai; Gonzalez Ponsek esan duenez, espainiar aldean hildakoak eta zaurituak izan dira, arretarik ez zuten jaso, "eta mugaren beste aldera bultzatu zituzten".

"Erantzukizun osoa nire gain hartzen dut. Nik eman nuen gure muga babesteko agindua, eta berriro ere emango nuke", nabarmendu du Marlaskak, eta PPri eskatu dio atzera egitea, "faltsukeriak eta lotsagarrikeriak" botatzeagatik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena