Politika
MEMORIA HISTORIKOA
GAL auzian zigortutako Garcia Damborenea diputatu ohiari prestazioa kentzea eskatu du Unidas Podemosek
EITB Media
Diputatu ohiari zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten Segundo Mareyren bahiketagatik. Unidas Podemoseko euskal diputatuek idatzi bat erregistratu dute Kongresuko eta Senatuko Mahaiak deitzeko, eta Garcia Damboreneak hilero jasotzen duen prestazioa (2.063 euro) bertan behera uztea eskatzeko.
-
Ricardo Garcia Damborenea. EITB Mediaren artxiboko bideo batetik ateratako irudia
Unidas Podemosek eskatu du bertan behera uzteko Ricardo Garcia Damborenea diputatu ohiak gorteetatik hilero jasotzen duen prestazio ekonomikoa (2.063 euro). Garcia Damborenea GAL auzian inplikatuta egon zen.
Segundo Mareyren bahiketagatik zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina Felipe Gonzalezen Gobernuak indultua eman zion, eta ez zuen zigorra bete. Delitu horiek diputatu zela gertatu ziren.
Diputatu ohiak 2.063,75 euroko "diru sarrera osagarria" jasotzen du hilero Diputatuen Kongresutik, duela gutxi publiko egin den zerrendaren arabera.
Unidas Podemosen arabera, "terrorismoaren biktimen memoriaren eta duintasunaren aurkako erasoa da" eta horregatik, laguntza hori berehala etetea eskatu du.
Gauzak horrela, Pilar Garrido, Roberto Uriarte eta Juantxo Lopez de Uralde euskal diputatuek idatzi bat erregistratu dute gaur goizean Kongresuan eta Senatuan bi ganberetako Mahaiak lehenbailehen deitzea eskatzeko.