19:02

Politika

Memoriaren eguna

"Ahanztura publiko gabeko" eta autokritika eta memoria anitzak ardatz dituen etorkizuna aldarrikatu dute

E. G. | EITB Media

Jaurlaritzak eskatuta, sentsibilitate ezberdineko hiru biktimek eta hiru historialarik dokumentu "partekatua" egin dute Euskadin bizikidetza eraikitzeko oinarriak zehaztu nahian. Aurkezpen ekitaldian, begirada etikoa eskatu du lehendakariak, gertatutakoa "bidegabea" izan zela aitortzea, alegia.

01:45
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Aurtengo Memoriaren Eguna aitzakia hartuta, "Begiradak Euskadin memoriaren gizarte eraikuntzarako oinarri partekatuak" dokumentua aurkeztu dute gaur, sentsibilitate ezberdineko hiru biktimek eta EHUko eta Deustuko Unibertsitateko hiru historialarik "modu partekatuan" egin duten gogoeta. Jaurlaritzaren Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren Sailburuordetzak egindako enkarguari jarraiki, bizikidetza demokratiko baterako oinarriak zeintzuk diren zehazten saiatu dira sei lagunok. Testuan "ahanztura publikoa" baztertu, eta memorien aniztasuna aldarrikatu dituzte, eta terrorismoko eta indarkeriako edozein adierazpenetan nolabaiteko erantzukizuna izan dutenen autokritika eskatu, betiere biktima guztiak aitortuta. Diotenez, eurena "ekarpen apala" da, ez bakarra eta behin betikoa, "etorkizuna partekatzen jarraitzeko beste hondar ale bat izan nahi duena".

Honakoek osatu dute lantaldea: Josu Elespe Pelaz eta Maria Jauregi Lasa, hurrenez hurren, Froilan Elespe eta Juan Maria Jauregi ETAk hildakoen seme-alabak; eta Axun Lasa torturaren biktima eta Joxean Lasa Arostegi GALen biktimaren arreba, batetik. Bestetik, ikuspegi akademikoagoa erantsi duten hiru historialari: Unai Belaustegi Bedialauneta (EHU), Eider Landaberea Abad (Deustuko Unibertsitatea) eta Virginia Lopez de Maturana Dieguez (EHU).

Gogoeta egiteko bake prozesuan zein memoriaren alorrean zeresana duten 20 aditu pasatxo elkarrizketatu ditu lantaldeak. Besteak beste, aipatzeko modukoak dira Sara Buesa, Fernando Buesa ETAk hildakoaren alaba; Karmen Galdeano Prieto, Xabier Galdeano GALen biktimaren alaba; euskal politikagintzaren buruzagi ezagunak (Jesus Eguiguren—PSE-EE—, Ramon Rabanera —PP— edota Jose Antonio Ardanza —EAJ—); Agus Hernan Foro Sozialeko koordinatzailea edo Txema Urkijo abokatu eta biktimen alorrean eskarmentu handiko eta ardura postuak izandakoa. Euren ekarpena "funtsezkoa eta balio handikoa" izan da, sei lagunon hitzetan.

Historia eta memoria uztartuta, bake eta bizikidetza lege izango dituen etorkizuna eraikitzeko bederatzi oinarri proposatu ditu lantaldeak. Aurrena, azpimarratu dutenez, "euskal gizarteak ez du ahaztu nahi", eta, hala, "ahanztura publikoa" errefusatu dute. Iragana gogoan hartu bai, baina, "horrek ez du esan nahi errebantxa
edo mendeku gosez berrikusi nahi denik. Euskal gizarteak iraganari jarrera eraikitzailearekin eta inklusiboarekin begiratu nahi dio", zehaztu dute.

Ifrentzuan, "memoriadun etorkizuna" aldarrikatu dute, memoria anitza. Memoria horiek, besterik gabe elkarren ondoan egotera mugatu beharrean, "toki komunak", oinarri partekatuak bilatu beharko lituzkete, egileen ustez, "zaila" dela onartu arren. Izan ere, argudiatu dutenez, "memoria, singularrean, hau da, kontakizun 'ofizial' bakarra, artifiziala da, antzua, eta ez du laguntzen bizikidetza eraikitzen".

Era berean, nork bere burua justifikatzea helburu duten kontakizunak gainditzearen beharra nabarmendu dute. Kontakizun "alderdikoi, errebantxa asmoko eta baztertzaileek" "batzuk besteen aurrez aurre" jartzea betikotzen eta kronifikatzen dutelako, euren aburuz. Horren ildoan, "iraganaren berrikuste kritikoa eta autokritikoa" egin beharra dagoela defendatu dute, "ez errepikatzeko" bermeak handiagoak direlako modu horretan. Hain justu, lantaldearen esanetan, autokritika hori "nahitaezkoa da giza eskubideen urraketako bakoitzean zuzeneko eta zeharkako erantzukizuna izan duten guztientzat". Gogorarazi dutenez, "ez gatazka politikoek, ez Estatuaren arrazoiak ez dute justifikatzen, inolaz ere, indarkeria erabiltzea".

Adierazi dute "egia" bilatzea, hura ezagutzea eta ulertzea ezinbestekoa dela, eta biktima guztiak aitortzea. "Biktimak indarkeriaren bidegabekeria gordinenaren eta sufrimendu onartezinaren erakusle dira", azpimarratu dute. Era berean, uste dute saihestu egin behar dela biktimak eremu publikoan politikoki erabiltzea eta berriro biktimizatzea edo bigarren mailako biktimizazioa egitea. Azkenik, lantaldeak memoria belaunaldi berrien artean lantzea eskatu dute, eta Adi-adian hezkuntza esparruko esperientzia aipatu dute adibide egokitzat.

Urkulluk "begirada etikoa" eskatu du iraganarekiko

Testua aurkeztu ostean, hitza hartu du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta begirada etikoaren garrantzia nabarmendu: "Etikatik egindako begirada. Historiatik eta memoriatik begiratuta, biktimen esperientzia kontuan hartuta, begirada autokritikoa eta autojustifikazioa bilatzen ez duena. Azken ondorio bat izan behar du: bidegabea izan zen. Hori baita berriro ez errepikatzeko berme onena".

Iraganaren autokritika hizpide, lehendakariak esan du euskal herritar guztiek ez zutela erantzukizun bera izan, eta azpimarratu du, autokritika balekoa izateko, "zintzoa eta kontsekuentea" izan behar duela.

Urkulluren aburuz, gaur aurkeztu duten dokumentu "partekatua bizikidetzarako balio handiko ekarpena da".

Lehendakariak "memoriadun etorkizun" baten beharra defendatu du, "indarkeriarik ezan, printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan, eta giza eskubideen defentsan, babesean eta berme eraginkorrean oinarritutako elkarbizitza-ereduaren oinarrizko zutabe gisa ulertuta".

"Ez dugu ahaztu nahi, ez dugu ahaztu behar", esan du Urkulluk.

Gaur aurkeztutako dokumentuan azpimarratzen denez, "biktima guztien eta bakoitzaren aitortza funtsezkoa da memoria eta egia dituen etorkizunean oinarritutako bizikidetza demokratikoa eraikitzeko".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena