Politika
Eusko Alkartasuna
EITB MEDIA
Eusko Alkartasuneko Zuzendaritza pozik agertu da epailearen ebazpenagatik. Sektore kritikoak, baina, gogora ekarri du hilaren 16an kanporatzeen epaiketako bista nagusia egingo dutela, "eta Eba Blanco idazkari nagusiak agertu beharko du".
Eba Blanco, otsailean, EAren Kongresuan. Argazkia: EFE.
Gasteizko Lehen Instantziako 6. Epaitegiak baztertu egin du izapidetzeko onartzea Maiorga Ramirezek eta Eusko Alkartasuneko beste hiru afiliatuk aurkeztutako demanda; hain zuzen, horien eskaria zen EAko militante izateko debekua bertan behera geratzea kautela neurriekin. EAko sektore kritikoak, alegia, Ramirezen sektoreak, deitoratu du Zuzendaritzaren nahia dela "ezkutatzea" hilaren 16an kanporatzeen epaiketako bista nagusia egingo dutela, eta Eba Blanco idazkari nagusiak berak agertu beharko duela.
Baztertutako demanda irailean aurkeztu zuten, eta hasiera batean izapidetzeko onartu zuten. Sektore kritikoaren iritziz, hori "ezbehar judiziala" izan zen Blancorentzat, EAk ohar batean gogora ekarri duenez. Azkenean, baina, epaitegiak ebatzi du "kautela neurriak hartzeko eskaria aintzat ez hartzea".
EAk zehaztu duenez, asteartean datatutako auto batean, magistratuak baztertu egin du Maiorga Ramirezen, Miren Aranoaren, Iratxe Lopez de Aberasturiren eta Mikel Goenagaren eskabidea; besteak beste, argudioa da horiek "beste pertsona batzuek irekitako prozedura" baliatzen ari direla, salatua bera izanda, "prozedimendu nagusiarekin inolako loturarik ez duten kontuak eskatuz".
Epaiaren berri izanda, EAko Zuzendaritza Nazionala pozik agertu da: "Egia albiste faltsuak behin eta berriz zabaltzeko estrategiari gailentzen zaio. Maiorga Ramirezek eta bere taldeak etengabe judizializatzen dute alderdiaren jarduera, eta ez dituzte errespetatzen afiliatuen gehiengoak alderdiko organoetan hartutako erabakiak".
"Hilaren 16an kanporatzeen epaiketako bista nagusia izango dela ezkutatu nahi izan dute", dio sektore kritikoak
Sektore kritikoak (Maiorga Ramirez horretan dago), baina, deitoratu du, beste ohar baten bidez, EAko Zuzendaritzaren nahia izatea "asteazkenean, hilaren 16an, kanporatzeen epaiketako bista nagusia izango dela", "eta Eba Blanco idazkari nagusiak agertu beharko duela". Halaber, iturriaren arabera, tramitera onartu dute hainbat afiliatuk jarritako demanda, "Zuzendaritzak egin nahi duen sasi-kongresuaren irregulartasun larriak salatzeko; izan ere, primarioak berriro egin behar dituzte, epaileak hala esanda, baina saihestu nahi dituzte".
Agiri batean, sektore kritikoak, Eba Blancoren Zuzendaritzak sinatutako prentsa oharraren gainean, adierazi du islatzen duela "urduritasuna, eta epaiketa nagusiek ekarriko dituzten ondorio politiko eta juridikoak indargabetzeko nahia". Diotenez, Zuzendaritza Nazionala "itsututa dago, errealitatea ezkutatzeko. Epaitegiek, behin eta berriz, Eba Blancok egindako irregulartasunak egiaztatu dituzte". Sektore kritikoaren iritziz, Zuzendaritzaren asmoa, orain, "hori ezkutatzea" da, "kontuaren mamiari eragiten ez dioten ebazpenak nabarmenduz".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa