13:46

Politika

BARRIONUEVOREN ADIERAZPENAK

Barrionuevoren hitzen aurrean, Felipe Gonzalezi eta Gobernuari euren iritzia emateko eskatu die Urkulluk

EITB MEDIA

Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohiak herenegun GALi buruz esandakoen aurrean, publikoki iritzia eman dezatela eskatu die lehendakariak Espainiako Gobernuari eta trantsizio garaitik gobernuan egon diren alderdi eta buruzagiei.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako egunkari bati eskainitako elkarrizketa batean, Jose Barrionuevok, GALek Segundo Marey bahitzeagatik 10 urtera zigortua izan zenak, onartu egin zuen gerra zikina egin zuela Espainiako Gobernuak bera Barne ministro zenean, eta legez kanpoko atxiloketak agindu zituela. Hitzon aurrean, Iñigo Urkullu lehendakariak jarrera argi azaltzeko eskatu die Espainiako Gobernuari, Felipe Gonzalez eta Mariano Rajoy presidente ohiei, eta trantsiziotik gobernatzen egon diren alderdiei (UCD, Aliantza Popularra, PSOE eta PP) zer iritzi duten publikoki esan dezatela eskatu die, hain zuzen.

Hala jakinarazi du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak, Gobernu Bileraren ondoren egin duen agerraldian. Lehendakariak Barrionuevoren adierazpenak guztiz arbuiatzen dituela azaldu du, eta gaineratu du GALekin zerikusiren bat izan dezakeen ororen azalpen publikoak nahi dituela.

Halaber, Barrionuevoren hitzak aztertuta, umiliazio delitua egon litekeela esan du, eta, hala balitz, ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak abian jar daitezkeen prozesu judizialak babestuko dituela "bizikidetzaren bidean". "Aukera egon liteke umiliazio delitua egoteko, eta hala balitz, Fiskalaren edota GALen biktimen ekimenez ikerketa zabaltzea erabakitzen bada, Gobernuak babestu egingo du", azpimarratu du.

Ildo horretan, Zupiriak adierazi du Gasteizko Gobernuak biktima guztien eskubideak babesteko konpromiso irmoa duela, "ETArenak, GALenak edota beste talde eta polizia indarkeriarenak".

Halaber, bozeramaileak gehitu duenez, Idoia Mendia bigarren lehendakariorde sozialistak ere Barrionuevoren hitzak gaitzetsi ditu Gobernu Bileran, eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak atzo esandakoak berretsi ditu.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena