Politika
Tragedia Melillako hesian
Agentziak | EITB Media
Kongresuko Barne Batzordeko diputatu talde bat Melillan izan da joan den ekainaren 24an izandako tragediari buruzko informazioa biltzeko, baina azalpenak ez zaizkie nahikoak iruditu.
UP, EH Bildu eta ERCko hiru diputatuak Melillako hesian. Argazkia: EFE
Kongresuko Barne Batzordeko diputatu talde bat Melillan izan da, joan den ekainaren 24an izandako tragediari buruzko informazioa biltzeko, baina azalpenak ez zaizkie nahikoak iruditu. Orain, Madrilen, grabazioen edukia ikusteko hitzorduaren zain geratu dira.
Diputatuak Melillako mugako pasabidean ibili dira. Ekainean, hiri autonomoa eta Nador bereizten dituen mugako hesian jauzi masiboa izan zen, eta gutxienez 23 pertsona migratzaile hil ziren saiakeran.
Gertakariaren ondoren, Espainiako eta Marokoko agintariek egindakoa defendatu zuten, pertsona migratzaileen indarkeria salatuz. Hala ere, BBCren erreportaje batek zalantzan jarri ditu bertsio horiek, ziurtatu baitu Espainiako Poliziak ez zuela eragotzi dozenaka migratzaile bere mugan hiltzea.
Guardia Zibilak baieztatu egin die diputatuei istiluen aurkako materiala erabili zutela mugaren alde espainiarretik sarrera saiakera saihesteko.
Maria Carvalho ERCko diputatuak kazetarien aurrean azaldu duenez, Arturo Ortega Melillako Guardia Zibileko teniente koronelak emandako datuen arabera, sarrera saiakera horretan, 270 salba eta 65 gomazko bala jaurti zituzten.
Era berean, 28 ke pote, 86 gas negar-eragile pote eta 45 aerosol erabili zituzten, "piper-gasa izan daitekeena", Carvalhok zehaztu duenez.
Hala ere, diputatuen ordezkaritzak (PSOE, Unidas Podemos, PP, ERC, EAJ eta EH Bilduko ordezkariek osatzen dute) egiaztatu ahal izan du Polizia Nazionalak leku horretan dituen barne kamerek ez zutela funtzionatzen gertakarien egunean.
Jon Iñarritu EH Bilduko diputatua Melillako hesian. Argazkia: EFE
Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak kazetariei adierazi dienez, Guardia Zibilak helikoptero, drone eta kameretatik hartutako irudiak daude, eta, horiei esker, "argi eta garbi ikus daiteke zer gertatu zen".
Zehazki, grabazio horietan mugako atea hautsita agertzen da, eta "pertsona andana bat lurrean, zaurituta edo hilda daudela pentsa daiteke", EH Bilduko diputatuaren arabera.
Batzordeko kideek ikus-entzunezko gainerako materiala Kongresuan ikusi ahal izango dute, baina oraindik ez dago data zehatzik.
Irudiak ikusi eta segurtasun indarren informazioa jaso ostean, Enrique Santiago Unidas Podemoseko diputatuak esan du "itxura guztien arabera, Espainiako agintarien kontrolgunean hildakoak" izan zirela hesira salto egiteko saiakeran.
Hedabideei egindako adierazpenetan, Grande-Marlaska ministroak esan du ekainaren 24an "EBren mugei eraso bortitza eta oso bortitza" egin zietela. Ministroaren arabera, egoera horren aurrean Guardia Zibilak "legezkotasun, proportzionaltasun eta beharrizanen parametroetan jardun zuen", eta ez zen hildakorik izan Espainian.
Gertakaria jazo zenetik, talde politiko gehienek gertatutakoaren "premiazko" azterketa eskatu dute. Uztailean, diputatuek ikerketa batzorde bat sortzea eskatu zuten Kongresuan, gertatutakoa argitzeko, baina ez zuten martxan jartzea lortu.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa