Politika
Gerra zikina
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Buruzagi sozialista eta Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko foru diputatuarentzat, "erabat deitoragarriak" dira Barne ministro izandakoaren hitzak, eta auzia ikertzeko eskatu du biktimak umiliatzeko delitua egon daitekeelakoan.
Romero, artxiboko argazki batean. EITB Media
Albisteak (1)
Rafaela Romero PSE-EEko kide eta Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko foru diputatuak nabarmendu duenez, "ongietorri batek ETAko biktimak umiliatzen dituen bezala, Barrionuevoren adierazpenek biktimak umiliatu dituzte". Horren aurrean, Barne ministro izandakoaren hitzak delitu gisa ikertzeko eskatu du.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa labur batean aipatu duenez, Barrionuevok El Pais egunkariari eskainitako elkarrizketan esandakoak "erabat deitoragarriak" dira. Barne ministro izandakoak gerra zikina erabili zutela aitortu du. Buruzagi sozialistaren aburuz, "Estatuaren indarkeria larriagoa eta deitoragarriagoa da, Estatuak babestu behar gaituelako, bestela, nork egingo du?", galdetu du.
Romerok onartu du elkarrizketa irakurtzeak "hotzikarak" eman dizkiola. Aitortzaz harago (zigortuta dagoela gogorarazi du), "erakutsitako harrokeria ikaragarria iruditu zitzaidan". Horren ustean, "ezin da indarkeriaren apologia egin komunikabide batean". Hala, adierazpenak ikertu behar direla azpimarratu du.
"Estatuak ezin du egin, epaileei eta auzitegiei dagokie hori. Indarkeria matxista ukatzen duten alderdietako buruzagien adierazpenak ikertu beharko liratekeen bezala. Ez dut ulertzen zergatik batzuetan hainbeste ikertzen den, eta beste batzuetan, inoiz ere. Horrek kalte egiten dio estatu demokratikoari. (Barrionuevoren) adierazpenak ikertu beharko lirateke biktimak umiliatu dituztelakoan", argudiatu du.
Azkenik, Pedro Sanchezek horren inguruan zerbait esan beharko lukeen galdetuta, baiezkoan dago Romero. "Ez du zertan Sanchez izan, Gobernuko ordezkariren bat izan daiteke", arrazoitu du. Dena den, onartu du hitzek ez dituztela "biktimak kontsolatzen". Gogorarazi duenez, estatu demokratiko batek ezin du ahaztu, eta "Barrionuevoren hitzek iraindu dituzten biktimak babestu behar ditu".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa