10:11

Politika

RADIO EUSKADI

Zupiria: "Umiliazioa bakarrik senti genezake Barrionuevoren hitzekin"

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Eusko Jaurlaritzako eledunaren hitzetan, GALen biktimen azalean jarriz gero, "umiliazioa bakarrik senti genezake" Jose Barrionuevo Espainiako Gobernuko ministro ohiaren adierazpenekin.

  • Bingen Zupiria, gaur Radio Euskadin.

    Bingen Zupiria, gaur Radio Euskadin.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

El País egunkariari atzo eskainitako elkarrizketa batean, Jose Barrionuevok, GALek Segundo Marey bahitzeagatik 10 urtera zigortua izan zenak, Espainiako Gobernuak gerra zikina egin zuela onartu zuen bera Barne ministro zenean, eta legez kanpoko atxiloketak agindu zituela. Hitzon aurrean, "umiliazioa bakarrik" senti genezakela esan du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Bere hitzetan, "GALen eta Estatuaren biktimen azalean jarriz gero, eta Barne ministroa izandakoa halakoak esaten entzunda, umiliazioa bakarrik senti genezake". "Indarkeriaz hitz egiten dugunean, biktimak izan behar ditugu gogoan momentu oro. Barrionuevok esan dituen gauzak eta erabili duen tonua oso mingarria dira biktimentzat", gaineratu du.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, Gasteizko Exekutiboko bozeramaileak esan du Barrionuevoren adierazpenak entzun zituenean, "ETAren indarkeria justifikatu izan duten herritarrak" etorri zitzaizkiola burura. Nabarmendu duenez, "gure belaunaldiak ez du inongo gerrarik ezagutu", baizik eta "min handia eragin duen ETAren indarkeria bidegabea" eta "gauzak are gehiago okertu zituen Estatuaren indarkeria".

Halaber, halako adierazpenak salatzea eta isilik ez geratzea ezinbestekotzat jo du, eta zentzu horretan, Rafaela Romero PSE-EEko kideak egindako adierazpenak txalotu ditu, "argi eta zorrotz" gaitzetsi dituelako Barne ministro izandakoaren hitzak. "Bereziki garrantzitsua iruditu zait ETAren biktima izan direnek azaldu duten kritika eta kontrako jarrera, baita Rafaela Romero Gipuzkoako diputatu sozialistak egin dituen adierazpenak ere", zehaztu du.

Zupiriaren arabera, Barrionuevoren hitzak "onartezinak" dira, baina "are onartezinagoa" da aitortzea "Espainiako Gobernuak erabaki zuela indarkeria horri aurre egitea, Frantziako Gobernuak estutu zuenean".

Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak biktima guztientzako "egia eta justizia" aldarrikatzen jarraituko duela ziurtatu du, eta bide horretan, uste du iraganarekin "bakea egitea asko kostatzen ari zaigula". "Era askotako indarkeria ezagutu dugu, eta bistakoa da memoriarekin zorretan gaudela eta bizikidetza sustatzeko kontu hauek kitatu egin behar genituzkeela", amaitu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena