Politika
Memoria historikoa
EITB MEDIA
1980an haren gorpuzkiak hobitik atera zituzten eta San Vicente de la Sonsierrako hilerrian lurperatu. Gaur, EAEko erakundeek totem bat jarri dute biktimen izenekin, haien omenez.
1936an frankismoak hildako eta Bastidako (Araba) hobi batean lurperatutako 12 herritarrak omendu dituzte igande honetan Eusko Jaurlaritzak, Bastidako Udalak eta Errioxako Gobernuak, Jaurlaritzak berak ohar baten bidez jakitera eman duenez. 1980an biktimaren gorpuzkiak hobitik atera zituzten eta San Vicente de la Sonsierrako hilerrian lurperatu. Gaur, EAEko erakundeek totem bat jarri dute biktimen izenekin, haien omenez, hobia zegoen leku berean.
Jaurlaritzaren izenean, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Laura Perez Bastidako alkateak "Bastidan fusilatutakoen oroimenez -1936" ekitaldian parte hartu dute, Gogora - Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak eta herriko Udalak elkarrekin antolatuta. Haiekin batera izan dira Jose Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordea, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria eta udalbatzako kideak. Gaurko ekitaldian gogoratzen diren biktimak errioxarrak izanik, bertan izan da baita ere, Errioxako Gobernuaren ordezkaria Pablo Rubio, Gizarte Zerbitzuetako eta Gobernantza Publikoko kontseilaria.
Ekitaldi honek 12 pertsona gogorarazten ditu, guztiak errioxarrak, II. Errepublikarekin politikoki konprometituak, judizioz kanpo erail eta Bastidako errepide ondoko hobi batean lurperatuak izan zirenak, 1936ko azaroan. Behin diktadura frankista amaituta, 1980an, senideek haien gorpuzkiak berreskuratu zituzten eta San Vicente de la Sonsierra hilerriko panteoi batean lurperatu zituzten. Gizarte zibilak berak eta biktimen senideek bultzatuta, Trantsizioan zehar egindako "desobiratze goiztiarrak" deitutakoen adibide bat da, Jaurlaritzak oharrean azpimarratu duenez.
Bastidako omenaldia, gaur. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Beatriz Artolazabal sailburuak gogorarazi du beharrezkoa dela eraildako 12 pertsona horien memoria ohoratzea, diktadura frankistak ezabatu nahi izan zuen memoria da; hildako batzuk erregimenak ohoratzen eta goresten zituen bitartean, Bastidako 12en gorpuak areka batean zeuden, hobi batean lurperatuta, eta haien memoria lurperatu nahi izan zuten betiko. Gainera, diktaduraren eta faxismoaren zentzugabekeria, bidegabekeria, izugarrikeria eta basakeria sinbolizatzen ditu.
Sailburuaren hitzetan, Bastidako hobia duintzeko ekitaldia askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren defentsaren sinboloa da. "Ezin diegu bizitza itzuli, bai, ordea, beren duintasuna itzuli, eta egia. Belaunaldi berriei zor diegu", gaineratu du.
Gerrako alargunak, gogoan
Artolazabalek gogoan izan ditu, halaber, emakume guztiak, gerrako alargunak, familia ugariak aurrera atera behar izan zituztenak, ia baliabiderik gabe eta seinalatuak izateak suposatzen duen zigor bikoitzarekin, mota guztietako irainak jasanda. "Emakume horiek gure aitorpena eta esker ona merezi dute, haien ahaleginik gabe gaur ere ez ginateke hemen egongo; merezi dute gure memoria kolektiboan ere leku nabarmena izatea", adierazi du.
Gaurko ekitaldian Euskadiko eta Errioxako sentsibilitate politiko desberdinetako ordezkariak bildu dira, besteak beste: Miren Gallastegi, PSE-EEko legebiltzarkidea; Henar Moreno, Izquierda Unidako Errioxako diputatu autonomikoa; Ainhoa Campo, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendaria; Arabako Batzar Nagusietako Ezker Anitzako eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak; EAJ-PNV, EH Bildu eta Alderdi Popularreko Bastidako udalbatzako kideak eta biktimen jatorriko herrietako udal ordezkariak.
Hildakoetako biloba bik 12 biktimen izenak jasotzen dituen plaka erakutsi dute, duela 86 urte, 1936ko azaroaren 6an, lurperatu zituzten hobitik gertu. Plakak QR kode bat du, hobi horri buruzko informazioa eskuratzea errazten duena: hilketen inguruabarrak, gorpuzkiak berreskuratzeko prozesua eta ondorengo lurperatzea.
Ohorezko aurreskuaren ostean, agintariek, erakundeetako ordezkariek, senideek eta inguruko herritarrek loreak jarri dituzte biktimen omenez.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa