Politika
2023ko aurrekontuak
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Bi aldeek erreforma fiskala adostu dute. Kenkariak aplikatuko dizkiete errenta baxuenei, eta 200.000 eurotik gorako kapital errenten karga handituko dute. Sozietateen gaineko zerga bere horretan geratuko da. EH Bilduk abstentziora joko du, eta 15 milioi euroko balioa duten ekarpenak erantsi ditu.
Laugarren urtez jarraian, aurrekontu akordioa itxi dute Nafarroako EH Bilduk eta Foru Gobernuak (PSNk, Geroa Baik eta Podemos Ahal Duguk osatutakoa, I-Ek babesten badu ere) datorren urteko kontuak onartzeko.
Bi aldeek nabarmendu dutenez, "akordio orokorra" da erdietsitakoa, aurrekontuetako partiden inguruan ez ezik, fiskalitatearen arloan ere neurriak adostu dituztelako. Jakinarazi dutenez, erreforma fiskala burutuko dute, batez ere errenta baxuenen mesedetan. Hala, 18.000 eurotik beherako errentei 540 euroko kenkaria aplikatuko zaie, eta progresiboki ezarriko dituzte 35.000 eurora arteko errentetan. Halaber, urtean 14.500 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituztenek ez dute errenta aitorpena egin beharko. Bestalde, Sozietateen gaineko Zergak bere horretan jarraituko du, eta hiru milioi euro baino gehiagoko zergadunei 200.000 eurotik gorako kapital errenten karga handituko diete eta ondare zerga aplikatuko zaie.
Nafarroako Gobernuak ohar batean azaldu duenez (sinaduraren argazkia ere zabaldu du, albistean ikus daitekeena), bi aldeak bat etorri dira "aurrekontu-testuinguruaren azterketa orokorrean; hau da, honako hauek markatu dute: covid-19aren pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorioek, eta handik eratorri diren faktoreek, hots, inflazioa, erregaiaren prezioaren igoera, gasaren eta elektrizitatearen igoera eta hipoteketan interes-tasaren igoera". Hori horrela, egungo egoerari aurre egiteko "premiazko neurriak eta neurri aringarriak" adostu eta "zerbitzu publikoei eta kalitatezko zaintza-politikei eusteko beharrezko egiturazko neurriak" ere hitzartu dituzte.
Bi aldeek asteak daramatzate negoziatzen eta hitz egiten. Hain justu, gaur heldu da aurrekontu proiektua Parlamentura. Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proiektua eman dio Unai Uhalde ganberako presidenteari. Parlamentuko bidea abenduaren 22an bukatuko da, aurrekontuak osoko bilkuran onartuta.
Hualde eta Saiz, ekitaldian. Argazkia: Nafarroako Parlamentua
Saizek ekitaldiaren ostean egindako adierazpenetan EH Bildurekin adostutako kontuen "izaera soziala" balioan jarri du. Nabarmendu duenez, "sinetsita" dago ganberara eraman litezkeen "aurrekonturik onenak" prestatu dituztela, eta "egoera honetan behar dugun egonkortasun eta lasaitasuna" emango digutela. Kontseilariak esan du koalizio abertzalearekin lortutako akordioa "positiboa" dela, eta negoziaziorako izandako borondatea eskertu dio.
Akordio fiskalaren kontura, Saizen hitzetan, adostutakoak "sistema justu eta eraginkorragoa" ekarriko du.
EH Bildu: "Eskuina kanpoan uzteko balio du akordioak"
Eguerdian prentsaurrekoa egin du EH Bilduk itunaren nondik norakoak azaltzeko eta balorazioa egiteko. Koalizioaren esanetan, akordioa "ona" da, eta "ez da kasualitatea, logika politiko bati erantzuten baitio, eskuina kanpoan uztearena, hain zuzen". EH Bilduk 15 milioi euroko balioa duten proposamenak erantsi dizkio proiektuari eta, besteak beste, tokian tokiko erakundeen finantzaketa eta 0-3 urteko hezkuntza aipatu dituzte gako gisa.
Agerraldian, Laura Aznal EH Bilduren foru hauteskundeetarako presidentegaia, Bakartxo Ruiz Nafarroako EH Bilduren burua eta Adolfo Araiz bozeramailea izan dira. Hirurek iragarri dutenez, abstentziora joko du taldeak aurrekontuen zein neurri fiskalen bozketetan.
Bakartxo Ruizen aburuz, "ez dira EH Bilduk egingo lituzkeen aurrekontuak, baina hobetu ditugu. Balio handiko akordioa da, eta eskuinarekiko alternatiba aurrerakoia eta ezkerzalea eratzeko norabidean doa".
Araizek argitu du erreforma fiskala izan dela gai gatazkatsuena, eta negoziazio gehien eskatu duena. "Gure helburuak ziren atzerapausorik ez egotea eta gehien duenak gehiago ordaintzea. Ez dugu eraldaketa estrukturala lortu, baina pauso txikiak eman ditugu", azaldu du.
Azkenik, Aznalek azpimarratu duenez, itunak "legegintzaldia amaitzeko falta den horretan aurrera egiteko balio behar du, baina baita datorrenari begiratzeko ere".
Araiz, Ruiz eta Aznal prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa