13:17

Politika

DIRULAGUNTZAK

DSBE jasotzeko adina 23 urtetik 18ra jaitsiko da, eta zenbatekoa 803 eurora igo

O. A. | EITB MEDIA

Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemos-IUk lorturiko aurreakordioak hainbat aldaketa eragingo ditu: prestazioa eskuratzeko adina jaitsiko da, zenbatekoa igoko da pobrezia-arriskuaren tasa kontuan hartuta, eta aldez aurretik erroldatzeko baldintza kenduko da.

0:34
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren lege proiektuaren inguruan Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemos-IUk akordioa lortu eta biharamunean, Miren Gorrotxategi eta David Soto koalizio moreko legebiltzarkideek adostutakoaren xehetasunak eman dituzte. Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jaso ahal izateko adina 23 urtetik 18ra jaitsiko da, eta nahikoa izango da Lanbiden urtebetez izena emanda egotea.

David Sotok bere agerraldian azaldu duenez, hiru arlotan lortu dituzte aurrerapausoak: prestaziorako irisgarritasuna, eraginkortasuna eta berme juridikoak. Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidearen esanetan, DSBErako sarbidea unibertsalizatzea eta dirulaguntza eskuratzeko oztopoak ezabatzea lortu dute. Hasierako lege proiektuan, kolektibo zaurgarriei eskatzen zitzaien prestazioa jaso ahal izateko Gizarte Segurantzan gutxienez 240 egunez kotizatzea, eta orain baldintza bakarra izango da Lanbiden urtebetez alta emanda egotea. Auzi horretan 180 graduko bira eman dela uste du: "Eusko Jaurlaritzak bilatu behar dizu lana, eta lortzen ez badizu, DSBE prestazioa jasotzeko eskubidea duzu".

Errolda baldintzak ere malguagoak izango dira aurrerantzean kolektibo zaurgarrienentzat. Hasierako lege proiektuak hiru kolektibo salbuesten zituen erroldatuta egotetik: errefuxiatuak, indarkeria matxistaren eta sexu salerosketaren edo esplotazioaren biktimak, baita gizarte bazterkeria pairatzeko arriskuan dauden adin txikikoak ere. Orain, salbuetsitako kolektiboen zerrenda zabalduko da. Halaber, erroldaren baldintza urtebetera murriztuko zaie ardurapean adingabeak edo mendetasuna edo desgaitasuna duten adinekoak dituzten familiei.

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenen zenbatekoa ere igo egingo da, 727 eurotik 803 eurora. Izan ere, zenbatekoa kalkulatzeko modua aldatuko da, eta erreferentzia pobrezia tasa izango da, hots, batez besteko errentaren % 60.

Bestalde, berme juridikoei lotutako hainbat "aurrerapen" ere aipatu ditu. Arartekoak DSBEaren inguruan egindako gomendioak sartu ditu koalizio moreak negoziazio prozesuan, eta Eusko Jaurlaritzak guztiak onartu dituela azpimarratu du David Sotok. Adibidez, zantzuekin bakarrik ezingo dira prestazioak ezabatu edo murriztu, aldez aurretik interesatuarekin hitz egin gabe.

Elkarrekin Podemos-IUren kalkuluen arabera, une honetan, 60.000 pertsona daude pobrezia arriskuan egonik DSBEa jaso beharko luketenak, baina jasotzen ez dutenak.

Hobekuntza horiek guztiak 2023rako aplikatzeko konpromisoa hartu dute, baina onartu dute legea garaiz onartzeko denboraz justu ibiliko direla.

EAJren eta PSE-EEren balorazioa

Eusko Legebiltzarreko EAJren eta PSE-EEren talde parlamentarioak pozik agertu dira Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren lege proiektuaren inguruan Elkarrekin Podemos-IUrekin lorturiko adostasunagatik.

Elkarrekin argitaratu duten ohar batean azaldu dutenez, akordioa ona da gizarte eragileekin lortutako "adostasun zabalari" gehitzen zaiolako.

Arau berriak "pertsona zaurgarri gehiago babesten lagunduko du, eta, horrez gain, beren egoeratik ateratzeko aukera gehiago izango dituzte".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena