Politika
PSE-EE
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Gipuzkoako hiriburuko hiru elkarte sozialistetako 600 militanteen esku dago erabakia. Hautetsontziak gaur, 10:00etan, zabaldu dituzte, 20:00ak arte, eta bi hautagaiek egin dute parte hartzeko deia.
Donostiako alkatetzarako PSE-EEren hautagaia aukeratzeko lasterketa azken txanpara iritsi da. Alderdiaren barne araudiak eskatzen dituen beharrezko abalak aurkeztuta, gaur ari dira egiten Odon Elorza edo Marisol Garmendia aukeratzeko bozketa, eta egunean bertan jakingo da nor izango den sozialisten zerrendaburua datorren urteko udal hauteskundeetan. Gipuzkoako hiriburuan PSE-EEk dituen hiru elkarteetako militanteen —600 inguru— esku dago erabakia.
Hautetsontziak PSE-EEk Donostian dituen hiru egoitzetan jarri dira: Prim kalean (Enrique Casas elkartea), Intxaurrondon (Margarita Nelken elkartea) eta Altza auzoan (Luis Arbella elkartea). 10:00etan zabaldu dituzte boto-kutxak, eta 20:00ak arteko tartea izango dute militanteek boza emateko.
Dagoeneko bi hautagaiek eman dute botoa, Prim kaleko egoitzan eman ere, eta bat egin dute afiliatuei parte hartzeko egin dieten deian. Marisol Garmendiak azpimarratu du "etorkizuneko hautagaitza erabakitzeko eta Donostiako Alkatetza berreskuratzeko" aukera dutela alderdikideek, eta Elorzak, botoa eman ostean, adierazi du partehartze altua espero duela.
Hautagaitzak aurkeztu zituztenetik, batzarrak egin dituzte alderdiko ordezkari eta militanteekin, eta bakoitzak bere kanpaina partikularra egin du, agerraldi ezberdin eta sare sozialen bidez. Azken horietan, prozesu honek piztu dien ilusioa nabarmendu dute biek. Atzo eman zuten kanpaina amaitutzat.
Odon Elorza, 20 urtez alkate
20 urtez Donostiako alkate izan zenak, joan den abuztuan iragarri zuen berriro hautagai izateko asmoa duela, alderdiko arduradunei eta eskualdeko militanteei igorritako gutun batean. Bertan adierazi zuenez, "Donostiak lidergoa eta hiriaren ideia argia behar ditu, atzerapen handiagorik gabe, hainbat erronkari aurre egiteko".
Alkatetza lortuz gero, "bizitza politikoarekiko arrazoi etikoengatik", karguaren soldatari uko egingo ziola esan zuen Elorzak: "Nire pentsioaz biziko naiz, Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean kotizatutakoaren arabera egokitzen zaidana. Alkatetza lortzen ez badut, aldiz, berehala uko egingo diot saiakerari".
"Tokiko gobernantza demokratikoa" eta "ongizate politikak" izan ditu hizpide Elorzak kanpainan zehar, eta gainontzeko erakundeekin elkarlana sustatzearen alde agertu da. Halaber, behin eta berriz esan du Donostiak "politika publiko aurrerakoiak" egingo dituen gobernua behar duela, "integratzailea eta aniztasunaren aurrean errespetuz agertuko dena".
"Kezkagarria iruditzen zait Donostia batzuen autokonplazentziaren eta dauden arazoen aurrean dagoen zalantzaren artean mugitzea. Funtsezko gaien definizio ezak lidergo falta ezkutatzen du. Eta uste dut ilusioa itzuli behar zaiela Donostiako herritarrei", esan zuen.
Marisol Garmendia: "Nik ez dut vintage-politikarik egiten"
Bere aldetik, Marisol Garmendia Donostiako Udaleko PSE-EEko bozeramaile eta alkateordeak ere alkatetzarako hautagaitza aurkeztuko zuela baieztatu zuen irailaren erdialdean, Donostian duen "lidergoa berritzeko garaia" dela adieraziz.
"Uste dut garaia dela emakume bat, gogoz, ilusioz, anbizioz eta herritarrenganako hurbiltasunez, Donostiako sozialisten buru izateko eta hiriko lehen emakume alkatea izateko. Hori da nire helburua eta horren alde egingo dut... Nik ez dut vintage-politikarik egiten, bakoitzak bere lekua eta bere garaia ditu, eta orain niri dagokit", azpimarratu zuen Elorzaren hautagaitzaren berri izan zuenean.
Asteon egin duen azken agerraldian, Garmendiak azaldu du ez duela bere burua irabazle gisa ikusten, baina egindako bidea oso emankorra izan dela. "Primarioetako prozesua oso aberasgarria izan da hautagaitza osatu dugunontzat, eta militanteengana eta familia sozialistarengana hurbiltzea ahalbidetu digu", esan du.
Bere hitzetan, "ezinbestekoa da" Donostiako alkatetzara aurkeztuko den hautagaiak "konpromiso argia eta benetakoa" izatea. "Edozeinek irabazten duela ere, hori izango da nire hautagaia udal hauteskundeetan. Inolako zalantzarik gabe", nabarmendu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa