Politika
ETAko presoen adierazpena
Erredakzioa
Larunbatean egingo du adierazpena presoen kolektiboak, Gernikan. ETAk jarduera armatua amaitu zuenetik ''hilabeteak igarota'' Estatuak erantzunik ez ematea ''eskandaluzkoa'' dela uste du Permachen.
Joseba Permach ezker abertzaleko ordezkaria. EITB
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak larunbatean Gernikan egingo duen adierazpena 'historikoa' izango dela esan du Joseba Permach ezker abertzaleko ordezkariak.
Halaber, ETAk jarduera armatua behin betiko amaitzea iragarri zuenetik eta Aieteko Adierazpena egin zenetik hilabeteak igaro direnean, Estatuak egoerari ''erantzunik'' ez ematea ''eskandaluzkoa'' dela uste du Permachek.
Info7 Irratian egindako elkarrizketa batean, ezker abertzaleko ordezkariak esan du adierazpen ''oso garrantzitsu baten atarian'' gaudela, ''beharbada historikoa''; eta adierazpen horrek politika mundua astinduko duela aurreratu du Permachek. ''Jarrera immobilistekin jarraitzeko asmoa dutenei are traba handiagoa egiteko momentu honetan behar dena da'', gaineratu du.
Aste honetan bertan Frantziako eta Espainiako Barne ministroek egindako adierazpenak kritikatu ditu Permachek, eta ''bake prozesuaren kontra agertutako jarrera'' salatu du. "Ematen du bi ministroak direla Euskal Herrian ireki den garai berriaz jabetu ez diren bakarrak'', esan du. ''Benetan eskandaluzkoa da hilabeteak igaro eta Espainiako Estatuak oraindik erantzunik eman ez izana. Jarrera hori Estatuak duen beldurraren adierazgarri da, eta euskal gizartean haserrea eragin behar du'', gaineratu du.
Horren hitzetan, ''Estatuak beldur dio herri honetan garapenerako ireki den aro berriari''. Permachen ustez, ''Sortu legeztatzeko prozesua atzeratzea Euskal Herrira iritsiko den aro berria atzeratzeko aitzakia baino ez da, Euskal Herrian gero eta aukera gehiago baitaude independentismoa hazteko'', esan du.
Sorturen etorkizuna, legeztatzen baldin badute
Permachen esanetan, ezker abertzalearen barnean ez da Sorturen inguruko eztabaida irekiko berau legalizatu arte. ''Ezker abertzalea ia etengabeko eztabaidan murgilduta dago'', esan ondoren, ''behin Sortu legeztatuta'', denbora beharko dute horren inguruko eztabaida egiteko, horren arabera.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa