Politika
Politika Orokorreko Eztabaida
J. E. | EITB MEDIA
Joseba Egibar EAJk Legebiltzarrean duen bozeramailea EH Bilduri zuzendu zaio irakurketa kritiko hori eskatu duenean. Horrez gain, Egibarrek adierazi du Eusko Jaurlaritza "konpromisoak betetzen" ari dela, "zailtasunak zailtasun".
Joseba Egibar Eusko Abertzaleak Taldeak Legebiltzarrean duen bozeramailearen esanetan, Eusko Jaurlaritza eta EAJ prest daude "akatsak" onartzeko eta politika publikoetan "aldaketa" batzuk egiteko "herri akordioak adosteko"; hori bai, EH Bilduri ohartarazi dio koalizioak ere egin behar dituela hausnarketak eta gauzatu behar duela indarkeriaren gainean izandako jarrerari buruzko "irakurketa kritikoa". Ezinezkoa da, izan ere, aurrera egitea, Egibarren esanetan, "iraganari amnesia ezarrita". Horrez gain, Politika Orokorreko Eztabaidan, Egibarrek esan du Eusko Jaurlaritza "konpromisoak betetzen" ari dela, "zailtasunak zailtasun".
Hala, ezker abertzaleak ETAren gainean izandako jarreraz, Egibarrek deitoratu du EH Bilduk ez duela egin "oraindik" indarkeriak eragin zuen kalte izugarriaren gaineko "irakurketa kritikorik". "Hori larria da", salatu du, "politikan ezin baita aurrera jo iraganari amnesia ezarriz gero".
"Pandemia, Ukrainako inbasioa eta krisi energetikoa gorabehera", esan du EAJko legebiltzarkideak, "Jaurlaritzak lehen lerroan jarraitzen du", eta, Egibarren iritziz, Jaurlaritzak haren apustuari eutsi dio: "Oinarrizko zerbitzuen, enpleguan inbertitzearen eta akordioak adostearen alde".
Ildo horretan, Joseba Egibarrek azpimarratu du nola lehendakariak, goizeko hitzaldian, bereziki Europari eragiten dion krisi baten testuinguruan kokatu duen; izan ere, "nik bat egiten dut ikuspuntu horrekin", adierazi du. EAJko bozeramailearen iritziz, beharrezkoa da akordioak adostea, eta gogora ekarri du Iñigo Urkulluk akordioak eskaini dituela Ganberan. Halaber, azaldu du nolako erronkak dituen aurretik Eusko Jaurlaritzak legealdiko azken bi urteetan: alegia, osasun egoera, klima aldaketa, Errusiak Ukrainan egindako inbasioa, eta energia krisia.
"Zer gertatu behar da herrialde honetan denbora ilunetako diagnostikotik akordiora igaro gaitezen?", galdetu du, eta jarraian EH Bilduri zuzendu zaio; izan ere, koalizioak, Egibarren ustez, "zurian dagoen mihisea balitz bezala ulertzen du politika". "Estrategia aldatzeko", esan du, azken egunotan EH Bilduko kide batzuek Statkraft enpresa norvegiarrak Euskadin bi parke eoliko kokatzeko asmoaz esandakoa hizpide, "denbora behar da". "Txalotu egiten dut pasa garela denaren aurka egotetik zerbaiten alde egotera", hausnartu du gerora, krisi energetikoa aztergai. Gakoa da, haren esanetan, "gehiago ekoiztea, eta gutxiago kontsumitzea".
Osakidetzan, "herrialde mailako itunak"
Osakidetzari dagokionez, Egibarrek onartu du beharrezkoa dela gai horren gaineko "herrialde mailako itunak" egitea, eta azpimarratu du azken hiru urteetan "ez dela egin pribatizazioaren alde, alderantziz". Argudiatu du Osakidetzako zerbitzu publikoak handitu dituztela, eta lan eskaintza publikoak deitu.
Inflazioa aztergai, Eusko Abertzaleak Taldeko bozeramaileak gogorarazi du Ameriketako Estatu Batuek zehazten dutela bidea, eta politika monetarioek sortu egin dutela. "Ez dago kontsumitzerik ekoitzi ezin dena", nabarmendu du, eta ohartarazpena egin du: "2023an, gure bizitzak mailaz behera egin lezake".
Lehendakariak goizean zehaztutako deflaktazioaz, Egibarrek argudiatu du modu progresiboan gauzatuko dela. Halaber, eskatu die gainerako taldeei "neurri gehiago proposatzeko", baldin eta uste badute hori eta Jaurlaritzak ezarritako beste batzuk eskasak direla.
Erronka demografikoa "aldeko baldintza batzuk" sortzearekin lotu du Egibarrek, eta, hitzaldiaren amaieran, Estatutuaz aritu da. Esan duenez, "lotsa" ematen dio, legebiltzarkide gisa, "bete dadila eskatzen diren jarraitzeak". Hori bai, gogorarazi du nola, inbestidura akordioan, Pedro Sanchezek konpromisoa hartu zuen aztertzeko erreformak espainiar Estatutako nortasun guztiak onartze aldera: "Sanchezek ez digu kasurik egiten", onartu du, "baina iritsiko da garaia, beste inbestidura batzuk izango dira, eta hitz egiteko aukera izango dugu".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa