Politika
2022ko diada eguna
ERCko ordezkariei txistuak eta oihuak, Diada egunari hasiera eman dion ohiko lore-eskaintzan
agentziak | eitb media
Pere Aragones Generalitateko presidenteak aurretik ere botatako mezua errepikatu du, baieztatuz Kataluniak berriz bozkatuko duela "bere etorkizun kolektiboa".
Igande goizaldean abiatu dira irailaren 11ko Diada eguneko ekitaldiak Bartzelonan, eta gaur goizean jarraitu dute, Rafael Casanovaren omenezko monumentu parean egiten den ohiko lore-eskaintzarekin. Bertan, ERCren ordezkaritza txistualdi artean eta 'kanpora' edo 'traidoreak' zioten oihu artean jaso dute.
Larunbat gaueko 22:00etan hasi ziren ospakizunak, Kataluniako zenbait udalerritan egindako argi-zuzi martxekin; Bartzelonan tartean, Fossar de les Moreresen.
ERCko buruak, Oriol Junqueras presidentearekin eta Marta Vilalta idazkari orokor laguntzaile eta bozeramailearekin, 'independentzia' oihukatzen iritsi dira lore-eskaintzara, monumentutik gertu zegoen jendetzaren txistualdia jasotzen zutela.
Pere Aragones Generalitateko presidenteak eta bere Govern-eko aholkulariek inauguratu dituzte lore-eskaintzak, Parlament-eko Mahaiko kideek jarraituta. Alba Verges ganberako lehen presidenteordea zeramaten buru, kanporatutako Laura Borrasen lekua hartu duena.
Eskaintzaren ostean, Aragonesek adierazpen laburrak egin ditu hedabideen aurrean, bart egindako mintzaldi instituzionalean botatako mezua errepikatzeko: "Kataluniak berriz bozkatuko du bere etorkizun kolektiboa", esan du presidentak, eta herritarrak gonbidatu ditu gaur "pluraltasun osoz" adieraztera eta "indarrak pilatzera".
Bestalde, Assemblea Nacional Catalana (ANC) eta Omniun Cultural taldeek arratsalderako aurreikusitako Diada eguneko ekitaldi eta manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute, independentismoaren indarra erakusteko.
Esku-hartze politikoak
Bere mintzaldian, Marta Vilaltak, presidentak bezalaxe, txistualdiei eta oihuei erantzun die: "oihu egi dezakezue, gehiago oihukatu, hala nahi baduzue. Tira, ez zaituztegu entzuten. Zuek oihukatu bitartean, ERCko kideok lanean jarraituko dugu, herrialde hau askatasunerantz eramateko".
Laura Borras JxCat-eko presidenteak, berriz, kalera ateratzeko deia egin du: "aldarrikapen eta esperantza eguna da", adierazi du.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Diada eguna zoriondu die kataluniarrei, eta horien guztien "elkartzearen alde lanean" jarraitzeko eskatu du.
Twitter bidez helarazi du mezua, eta gaineratu du Kataluniako pluraltasuna "aberastasuna" dela Espainiaren osotasunerako.
Avui és un dia per celebrar i per seguir treballant pel retrobament i el progrés de tots els catalans i les catalanes.
— Pedro Sánchez (@sanchezcastejon) September 11, 2022
La pluralitat social i cultural de Catalunya és una riquesa pel conjunt d'Espanya.
Bona Diada!#Diada2022 pic.twitter.com/b7ZUPrLggj
EAJren eta EH Bilduren adierazpenak
Kataluniako gatazka konpontzeko "elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren" alde egin du gaur Estefania Beltran de Heredia EAJk Senatuan duen bozeramaileak, eta Kataluniak eta Euskadik "euren etorkizuna modu aske eta demokratikoan erabaki ahal izatea" defendatu du.
"Euskadi eta Katalunia bat gatoz interesei eta eskaerei dagokienez: aitortza nazionala, gure autogobernuaren garapen osoaren bermea eta askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko ahalmena, betiere elkarrizketaren eta akordioaren printzipioaren pean", adierazi du.
EH Bilduko ordezkaritza bat ere bada gaur Kataluniako hiriburuan izaten ari diren ekitaldietan, Bakartxo Ruiz eta Jon Iñarritu tartean, besteak beste.
"Berandu baino lehen, Kataluniako Errepublika errealitate izatea" aldarrikatu du EH Bildu Nafarroako bozeramaileak.