13:23

Politika

Justizia

Lesmesek Sanchezi eta Feijoori eskatu die Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko akordioa lortzeko

Mikel Dominguez | EITB Media

"Publikoki eskatzen diet Espainiako Gobernuko presidenteari eta oposizioko buruari, parlamentuan ordezkaritza handiena duten alderdi politikoetako arduradun gorenei, premiaz biltzeko eta akordio batera iristeko", adierazi du jarduneko Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteak.

  • Carlos Lesmes, Felipe VI.arekin batera, urte judizialaren irekieran.

    Carlos Lesmes, Felipe VI.arekin batera, urte judizialaren irekieran. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Carlos Lesmesek, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko jarduneko presidenteak, deitoratu du "egoera politikoa" erakunde judizialak ahultzen eta higatzen ari dela, eta, zentzu horretan, Pedro Sanchezi eta Alberto Nuñez Feijoori zuzendu zaie zuzenean, buru duen erakundeko kideak berritzeko akordioa lor dezaten, hori baita blokeoa askatzeko bide konstituzional bakarra.

"Publikoki eta hotsandiz eskatzen diet Espainiako Gobernuko presidenteari eta oposizioko buruari, parlamentuan ordezkaritza handiena duten alderdi politikoetako arduradun gorenei, premiaz biltzeko eta egoera jasangaitz honi behin betiko irtenbidea emango dion akordio batera iristeko", adierazi du jarduneko Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteak.

"Gaur egiten ari naizen deialdi honi jaramonik egiten ez bazaio, hausnarketa egin beharko dugu guk nahi ez ditugun eta gustatzen ez zaizkigun beste erabaki batzuk hartzeko", gaineratu du Lesmesek.

Bere hitzaldian, Lesmes Botere Judizialaren Lege Organikoaren erreformaren aurka agertu da, Kontseilu Nagusiari jardunean egonda izendapenak egiteko gaitasuna kendu ziolako. Haren ustez, ekimenak ez ditu zituen asmoak lortu, "ez baitu Kontseilua berritzea lortu", baizik eta organoaren funtzio konstituzional legitimoa asko "ahultzea".

"Hondamendia hain da handia, ezen Espainiako Justiziaren buruzagitzan ez baita horrelako egoerarik gertatu gure demokraziaren historia osoan, eta eragin negatibo horiek pixkanaka antolamendu judizial osora zabaltzen ari dira", azpimarratu du.

Jarduneko presidenteak baztertu egin du, halaber, bokal guztiek beren lanpostuari uko egiteko aukera. Uko kolektiboa "ez da onargarria", Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia "erabat geldiaraztea" ekarriko lukeelako. "Zer pentsatuko lukete herritarrek jarduneko gobernu bateko ministro guztiek kolektiboki erabakiko balute beren karguetatik desertatzea, Espainia gobernurik gabe utzita, Parlamentuari presioa egiteko bide gisa, denboran gehiegi luzatzen ari den inbestidura prozesu batean?", gaineratu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena