Politika
Ikasturte politiko berria
Agentziak | EITB Media
Podemosek, IUk, Batzarrek eta independenteek osatutako koalizioak "proposamen deskafeinatuak" gainditu eta "energia demokratizatzearen" aldeko apustua egin du ikasturte politikoaren hasieran.
Begoña Alfaro eta Carlos Guzman, gaur Iruñean. EITBren bideo batetik ateratako irudia.
Podemos, IU, Batzarre eta independenteek osatutako eta pasa den uztailean ibilbidea hasi zuen Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa koalizioak Foru Erkidegoan energia enpresa publiko bat sortzeko ekimen parlamentario bat iragarriz hasi du ikasturte politiko berria. Asmo horren berri eman dute Begoña Alfaro Nafarroako Podemoseko koordinatzaileak eta Carlos Guzman IUNko koordinatzaile nagusiak gaur goizean Iruñean eman duten prentsaurrekoan.
Gobernuaren akordio programatikoan eta Klima Aldaketari buruzko Foru Legean jasotako neurria da, eta "berandu goaz", ohartarazi du Alfarok, eta energiaren ekoizpenetik hasi eta banaketaraino doan prozesua kontrolatzeko egiturazko neurriak hartzea defendatu du.
"Ez dugu kapitalismo berdearekin irentsiko", adierazi du, eta gaineratu du berriztagarrien alde egin behar dela, horiek enpresa publiko horren oinarrian ezarriz, baina baita energia-komunitateen alde ere. Hain zuzen ere, "segurtasun juridikoa, zerga-pizgarriak eta finantza-laguntzak" eskatu ditu haientzat, azken hori Nafarroako Finantza Institutuaren bitartez.
Halaber, iraunkortasunaren eta ingurumenaren aldeko udalen arteko ituna aldarrikatu du, ahalik eta esparru gehienetara iritsiko dena, gizartea kontzientziatu eta energia aurrezteko helburuarekin.
Alfaroren ustez, beharrezkoa da "proposamen deskafeinatuak" gainditzea eta "energia demokratizatzearen" aldeko apustua egitea. Izan ere, bere hitzetan energiaren "prezio neurrigabea da herritarren kezka nagusia", ez bakarrik bere kostuagatik, baita eragin duen inflazioagatik ere.
Zurekin Nafarroaren ustez, ildo horretan jarduteko "premia larria" dago, "oinarrizko ondasun bat esku pribatuetan uztea saihesteko", euren iritziz "Oligopolio energetikoaren hleburua ez baita gizartearen ongizatea, lukurreria baizik".
Datozen egunetan aurkeztuko den energia-enpresa publiko baterako ekimenarekin batera, koalizioak etxebizitzarekin, hezkuntzarekin, gizarte- eta lan-eskubideekin, fiskalitatearekin eta osasun-arretarekin lotutako beste ekimen batzuk planteatuko ditu, batez ere lehen mailako arretarekin lotutakoak azken horiek, pandemiaren ondorien pisua ez dadin klase ertainean, langileengan eta pertsona kalteberengan erori.
Gainera, Carlos Guzmanek adierazi duenez, Zurekin Nafarroak abian jarriko du bere hauteskunde-programa osatzeko prozesua ere, eta, horretarako, gizarte zibileko hainbat kolektiborekin biltzeko asmoa dute, proposamenak jasotzeko.
Era berean, koalizioa aurkezteko saioekin jarraituko dute Nafarroako hainbat herritan. Bidenabar, Guzmanek proiektu politiko berri honetan parte hartu nahi duten guztiei eurekin bat egiteko deia egin die.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa