Politika
Desagertze Behartuak
Informazio Sailkatuaren Legea hobetzeko eta behartutako desagertzeak argitzeko eskatu du Foro Sozialak
Agentziak | eitb media
Foro Sozial Iraunkorrak gogora ekarri du Ipar Euskal Herrian 70eko eta 80eko hamarkadetan desagertutako zazpi pertsonaren kasuak oraindik argitu gabe daudela. Ildo horretan, azpimarratu du "biktima guztientzat" dela ezinbestekoa egia jakitea.
-
Agus Hernan eta Nekane Altzelai. Artxiboko argazkia: @ForoSoziala
Foro Sozial Iraunkorrak adierazi du Informazio Sailkatuaren Lege-proiektua ez dela nahikoa Estatuaren biktimentzat eta, ildo horretan, egitasmoan hobekuntzak egiteko deia egin die alderdi politikoei eta agintariei.
Desagertze Behartuen Nazioarteko Eguna dela eta, Agus Hernan eta Nekane Altzelai Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileek agerraldia egin du Donostian, eta ohartarazi dute Euskal Herriko gatazkaren baitan desagertu ziren pertsonen kasuak argitzeko ez dela inolako aurrerapenik izan.
Hauek dira indarkeria erabili duten hainbat eragileren eskuetan desagertutako aipatu zazpi pertsonak: Jose Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan Garcia Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga Irunen bizi ziren ikasle galiziarrak Biarritzen eta Donibane Lohitzunen artean desagertu ziren, 1973an; Eduardo Moreno Bergaretxe, 'Pertur', Behobian desagertu zen 1976ko uztailaren 23an; Tomas Hernandez Hendaian desagertu zen 1979ko maiatzaren 15ean; Jose Miguel Etxeberria Alvarez, 'Naparra', 1980ko ekainaren 11n desagertu zen; eta Jean Louis Larre, 1983ko abuztuan desagertu zen Leonen (Landak).
"Hala eta guztiz ere, euskal kasuan behartutako desagertzeen 14 kasu dokumentatu daudela esan ohi da, gero aurkitu ziren beste zazpi pertsona ere desagertu baitziren. Desagerpenik luzeena Joxean Lasa eta Joxi Zabalarena izan zen, 13 urte luzez desagertuta egon zirela. Lasa eta Zabalaren kasuak erakusten du familien, abokatuen eta gizarte zibilaren lanak fruituak eman ditzakeela, familiek Tolosan lurperatzea lortuz", azaldu du Hernanek.
"Dokumentatutako kasuez ari gara, jakin badakigulako beste kasu batzuk egon daitezkeela, zenbait eragilek ikertzen jarraitzen baitute", zehaztu du.
Foro Sozialeko ordezkariek nabarmendu dute egia, justizia, aitortza eta erreparazioa ezinbestekoa direla biktima guzientzat.
"Bi premisa nagusi ditu Foro Sozial Iraunkorrak: alde batetik, biktima guztiek, eta 'guztiek' kontzeptua azpimarratu nahi dugu, egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea dute; eta bestetik, giza eskubideen urraketa beraren aurrean, aitortza bera", esan dute.
Horrez gain, azaldu dute biktima askok adierazi dutela egia elementu sendagarria izango litzatekeela haien minarentzat. "Biktima hauek uste dute egiarako eskubidea elementu nuklearra dela, abiapuntua, justiziaren adierazlea, benetan behar dutena", erantsi dute.
"ETAren biktimen kasuan, egia ezagutzeko hainbat tresna dituzte —adibide bat aipatzearren, Audientzia Nazionaleko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko eta Informazioa emateko Bulegoa dute—, baina ezin dugu gauza bera esan Estatuaren biktimekin", ohartarazi dute.
Estatuaren biktimen kasuan, % 38 dira argitu gabeko kasuak. "Tamalez, haientzat ia ez dago egia ezagutzeko itxaropenik", deitoratu du.
Hala ere, egia ezagutzeari dagokionez, Hernanek azpimarratu du une honetan hiru esparru daudela "argi pixka bat ematen dutenak tunelaren amaieran".
Lehendabizi, 12/2016 Legearen Balorazio Batzordea egiten ari den lana aipatu du. "Egiten ari den kalitate handiko txostenei esker, Estatuko 81 biktima aitortu eta erreparatu ahal izan dira. Aurreko 107/2012 Dekretutik eratorritako 187ei gehituz gero, Estatuaren 268 biktimek lortu dute dagoeneko aitortza", erantsi du.
Horrez gain, Giza Eskubideen urraketa larrien kasu aitortuei "ahalik eta publizitate handiena" eman behar zaiela adierazi dute. "Biktima horiek babestu eta lagundu egin behar ditugu, hainbat hamarkadatan izan den isiltasun-mantua hausteko".
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzari iradoki nahi diote abian jar ditzala, egoki iruditzen zaion moduan, Balorazio Batzordeak onartutako kasuak gizartean zabaltzeko dinamikak. "Urrats horrek, besteak beste, gaur egun gizartean dagoen pertzepzio okerra eraistea ahalbidetuko luke, biktimez hitz egiten denean soilik pentsatzen baita ETAren biktimengan", ziurtatu dute Foro Sozialeko bozeramaileek.
Bestalde, Espainiako Kongresuan eztabaidatzen ari diren Informazio Sailkatuaren Lege-proiektua "etsigarria" dela iritzi diote, "ez dielako erantzuten, inolaz ere, GAL eta torturaren biktima batzuek artxibo sekretu horiek eskuratzeko dituzten itxaropenei".
Edonola ere, "gure ustez, Diputatuen Kongresuko talde parlamentarioek adierazitako balorazioen arabera, nahikoa baldintza daude, legearen eztabaidaren oraingo fasean, akordio baten alde lan egiteko", nabarmendu dute. Alabaina, akordio horren oinarriak argia izan behar duela berretsi dute: "Giza Eskubideen urraketa larrien biktimek egia ezagutu ahal izatea", hain zuzen ere.
"Ez da bidezkoa eta ez da humanoa biktimei egia ezagutzeko eskubidea ukatzea, eta, alde horretatik, pozten gara Espainiako Estatuaren hainbat eragilek legeari egindako dozenaka alegazioengatik. Horien bitartez aurreproiektu hau hobetzea espero dugu", adierazi dute.
Amaitzeko, biktimei, eta bereziki behartutako desagertzeen biktimei, dagokien egia ematea ezinbestekoa dela azpimarratu dute. "Eta hori euskal gizarte osoaren erantzukizuna da, jendartearena, eragile instituzional eta politikoena eta eragile sozialena", gaineratu dute.