Politika
Aurreproiektua
EAJk uste du sekretu ofizialen legea "berandu datorrela", eta EH Bilduk "inpunitatea betikotuko duela"
EITB MEDIA
"Albiste ona da, baina berandu dator, oso berandu", azpimarratu dute jeltzaleek. Aurreproiektua zuzentzea eskatu dio EH Bilduk Espainiako Gobernuari "emandako hitza betetzen ez duelako, ezta eskakizunei erantzun ere".
-
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramailea, Gabriel Rufianekin (ERC). Argazkia: EFE
EAJren ustez, Espainiako Gobernuak gaur onartu asmo duen sekretu ofizialen legearen aurreproiektua "etsigarria da eta berandu dator".
EAJk Diputatuen Kongresuan duen taldeak haria argitaratu du Twitterren duen kontuan. "Albiste ona da, baina berandu dator; oso berandu", erantsi du. Jeltzaleek argitu dute Sanchezen gobernuaren asmoak prentsaren bidez ezagutu dituztela, eta azken hilabeteotan ez dutela Gobernuarekin "inongo harremanik" izan eta ez dietela "horren inguruko inongo informaziorik eman".
Espainiako Gobernuak gaur onartuko du aurreproiektua, udako oporrak hartu aurreko azken ministroen kontseiluan. Horren arabera, Estatuaren "goi sekretuak" klasifikatuta egon ahalko dira gutxienez 50 urtean (gaur-gaurkoz, epe mugagabea dute) eta Presidentetza Ministerioak izango du horien ardura.
Testuaren nondik norakoak sakon ezagutzen ez badituzte ere, jeltzaleek esan dute bertan ezartzen diren irizpideek eta epeek "Euskal Taldeak proposatuetakoetatik urrun" diruditela, eta, epeen kasuan, honakoa gaineratu dute: "EAJk planteatutakoak halako bi ere badira; etsigarria da".
Era berean, araudia legegintzaldi honetan onartuko den "zalantza" agertu du EAJk. Horrenbestez, Euskal Taldeak uste du egokiena dela "epeak azkartzea, lege frankista bat eguneratzeko dugun aukera ez galtzeko".
Aurreproiektua zuzentzea eskatu dio EH Bilduk Espainiako Gobernuari, "emandako hitza betetzen ez duelako, ezta eskakizunei erantzun ere".
Koalizioko iturriek azaldu dutenez, proposamenak ez du balioko "oraindik inpunitate mantu baten azpian jarraitzen duten gertakari ugariren egia ezagutu eta justizia bilatzeko".
Horregatik, "Espainiako Estatuan, frankismotik gaurdaino, eskubide eta askatasunen urraketa guztien" inguruan; gardentasun, aitortza eta egiaren bidez, gertatutakoa ezagutzeko erreforma planteatzea eskatu du EH Bilduk: "Inpunitateak amaitu behar du".
EH Bilduren ahotan, "ez da onargarria" lege berriak arau frankistaren osagai nagusiak ez ukitzea, "milaka euskal herritarren eskubideak eta askatasunak urratu zituen guztia" sekretupean mantenduko duelako.
Aurreproiektua onartuz gero, "Euskal Herrian egindako eskubide urraketa goriek argitu gabe jarraituko dute"; hala nola, GAL, "torturaren praktika sistematikoa" edo Gasteizko 1976ko martxoaren 3ko ala 78ko San Ferminetako gertakariak.
Koalizioaren esanetan, araudia onartzen baldin badute, "inpunitatea betikotuko lukete, egia, justizia eta erreparazioa merezi duten biktima guztiei ukatuz".
Hala ere, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak Twitter sare sozialean ziurtatu duenez, "sekretu ofizialen legeak ez du ezkutatuko Euskal Herrian denok dakiguna: nork antolatu zuen gerra zikina, nork agindu zuen tortura egitea eta nork babestu zituen gertaera horiek hedabideetan. Oraindik ere erantzukizun falta dago bakearekin eta bizikidetzarekin".
Sekretu ofizialen legeak ez du ezkutatuko Euskal Herrian denok dakiguna: nork antolatu zuen gerra zikina, nork agindu zuen tortura egitea eta nork babestu zituen gertaera horiek hedabideetan.
— Arnaldo Otegi ¿ (@ArnaldoOtegi) August 1, 2022
Oraindik ere erantzukizun falta dago bakearekin eta bizikidetzarekin.