07:51

Politika

Aurreproiektua

Sekretu ofizialak gutxienez 50 urtean klasifikatuta mantentzea proposatu du Espainiako Gobernuak

Agentziak | EITB Media

Gaur-gaurkoz, mugagabe gorde daitezke klasifikatuta. Ministroen kontseiluak gaur onartzekoa duen proiektuaren arabera, Defentsa Ministerioak Presidentetza Ministerioari eskuordetuko dio agiri klasifikatuen ardura.

  • Pedro Sanchez.

    Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan iragarri zuen proiektua Sanchezek. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak sekretu ofizialen legearen aurreproiektua onartuko du gaur. Horren arabera, Estatuaren "goi sekretuak" klasifikatuta egon ahalko dira gutxienez 50 urtean (gaur-gaurkoz, epe mugagabea dute) eta Presidentetza Ministerioak izango du horien ardura. 

Gaurkoa urte politikoko azken bilera izango du Ministroen Kontseiluak, udako oporren aurretik. Arratsaldez egingo dute, Pedro Sanchez buru izan dadin (Balkanetara egindako bidaia ofizialetik itzultzeko astia izango du). 

Hain justu, bisita ofizial horretan iragarri du Sanchezek proiektua. Kazetariei egindako adierazpenetan, sekretu ofizialen legea ordezkatu beharra dago, Frankismoaren garaikoa baita (1968koa).

Araudiaren izen ofiziala Informazio Klasifikatuen legea izango da, eta lau babes kategoria ezarriko ditu: "goi sekretua", "sekretua", "informazio konfidentziala" eta "informazio mugatua". 

Babes kategoriaren arabera, agiriak desklasifikatzeko epeak ezberdinak izango dira. Hala, "goi sekretuek" gutxienez 50 urtean egon ahal dute klasifikatuta, eta "informazio mugatuak", lau urte, epea luza baitaiteke ere. Gaur-gaurkoz mugagabe manten daitezke agiriak klasifikatuta. 

Espainiako Gobernuaren iturrien arabera, lau kategoriok EBko bazkideen eta NATOren barruan adostutako irizpideen arabera zehaztu dituzte. 

Orain arte, Defentsa Ministerioaren ardura zen Espainiako Estatuko klasifikatutako informazioa, baina Gobernuak prestatu duen aurreproiektuak Presidentetza Ministerioari (Felix Bolañosek gidatzen duena egun) emango dio zeregin hori. 

Urte luzez galdegindakoa

Alderdi politiko batzuek, bereziki EAJk, urteak daramatza lege hori gaurkotzeko eskatzen. 

Pegasus espioitza kasuen polemika betean, horri buruz galdetu zuen Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan, eta Pedro Sanchezek iragarri zuen proiektua uztailerako prest izango zela.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena