Politika
Aurrekontuak
Espainiako Gobernuak % 1,1 igo du datorren urterako gastu-muga
Agentziak | EITB Media
Autonomia erkidegoek tarte handiagoa izango dute aurrekontuetan, BPGaren % 0,1etik % 0,3ra igaroko baitira.
-
Maria Jesus Montero, Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoa. Argazkia: EFE
Espainiako Gobernuak 2023rako 198.211 milioi euroko gastu ez-finantzarioaren muga onartu du, aurtengoa baino % 1,1 handiagoa. Aurtengoa maximo historikoa izan da (196.142 milioi) Europako funtsen eraginez.
Maria Jesus Montero Ogasun ministroak jakitera eman duenez, Exekutiboak BPGaren % 3,9ko defizit publikoaren aurreikuspena mantendu du, Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko "ezohiko neurriak martxan jarri diren arren".
Hala ere, banaketa desberdina izango da. Autonomia erkidegoek marjina handiagoa izango dute, BPGaren % 0,1etik % 0,3ra igarota, administrazio zentralaren kaltetan (% 3,4tik % 3,2ra igaroko da).
Gastu ez-finantzarioaren muga 2023ko etorkizuneko aurrekontuak egiteko oinarria da.
Ogasun ministroak azaldu duenez, Gizarte Segurantzari 19.888 milioi transferitzea (2022an baino % 8,1 gehiago) aurreikusten du mugak. Autonomia erkidegoetarako eta toki korporazioetarako baliabideak "nabarmen handituko" direla aurreratu du.
Hala ere, oraindik ez da zehaztu langile publikoen soldata igoera. Monterok sindikatuekin adostea espero du, eta errenten itun bat ixteko eskatu die, datozen urteetarako soldata igoerak horrekin lotuta egon daitezen.