Politika
Elkarrizketa
O. P. | EITB Media
Arabako ahaldun nagusiak sakrifizioaren eta irabazien arteko oreka bilatzearen alde egin du, Mercedes Benz multinazionalak Gasteizen egiten duen inbertsioa gauzatzen lagunduko duen "agertoki argia" sortzeko.
Ramiro Gonzalez, EITBren artxiboo irudi batean.
Mercedes Benzek Gasteizen egin asmo lukeen 1.200 milioi euroko inbertsioak "euskal automobil-industria guztia posizio eta lehiakortasun maila oso onean kokatzeko balioko luke, etorkizunari begira". Hala ziurtatu du gaur Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Azaldu duenez, eraberritzen eta ekoizpen-modu berrietara egokitzen diren enpresek jarraitu egingo dute, "baina, hala egiten ez dutenak, berriz, desagertu egingo dira".
Hain zuzen ere, inbertsioaren garrantziagatik eta horrek ekarriko lukeenagatik, enpresaren eta gehiengo sindikalaren artean lortutako akordio "garrantzitsu eta positiboak", datorren astelehenean, langileen gehiengoaren babesa ere izatea espero du.
"Nik ez dut esango langileek zer bozkatu behar duten, baina akordio bat lortzea inbertsio horretarako bermea litzateke eta etorkizunerako bermea", adierazi du, eta, aurrera egin ezean, "zalantzaz beteriko etorkizuna" ekarriko luke, "lantegiarentzat ez ezik, haren inguruko industria-sare osoarentzat" ere.
Azpimarratu duenez, "Mercedes Vitoria oso ondo kokatuta dago, orain arte oso ondo egin dituelako gauzak eta lehiakortasun handia lortu duelako", eta bide horretatik jarraitzeko beharra azpimarratu du.
Ahaldun nagusiak gogorarazi duenez, inbertsio hori "lantegiarentzat soilik ez, automobilgintzaren sektore osoarentzat litzateke ona"; izan ere, I+G+Bn eta automozioan inbertitzeko aukera emango luke, eta hornitzaileen parke oso bat eratzekoa plantaren inguruan, pertsona askori lana emanez, "etorkizunean askoz gehiago izan daitezkeenak", balizko handitzeen ondoren.
Negoziazioan korapilorik eta handienetakoa izan denari buruz, KPIaren araberako soldata-igoerari buruz galdetuta, oreka bilatzearen alde agertu da Gonzalez. Onartu du "enpresa bakoitza mundu bat dela eta egoera ezberdin batean dagoela", nahiz eta argi duen "ezin zaiela langileei bakarrik eskatu ahalegina, enpresek ere sakrifizioa egin behar dute, ziurrenik etekinen zati bati uko eginez".
Hala, adierazi duenez, "ezin da izan langileek soldata-igoerari uko egin behar izatea eta enpresak onura berberak izaten jarraitzea; eta ezta ere, enpresak irabaziak izateari uztea edo galeretan sartzea langileak KPIaren araberako igoera izateagatik".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa