15:06

Politika

Diputatuen Kongresua

Sanchezek zerga bereziak iragarri ditu enpresa energetikoei eta bankuei zuzenduta

Iker Gonzalez | eitb media

Gainera, RENFEko abonu guztien % 100 finantzatuko duela iragarri du. Espainiako Gobernuko presidenteak esan duenez, "Espainiaren gaurko erronka nagusia inflazioa da".

01:15
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pedro Sanchez Gobernu espainiarraren presidenteak zerga bereziak iragarri ditu enpresa energetikoei zuzenduta, hala nola beste zerga berezi bat bankuentzat. Iragarpena gaur Diputatuen Kongresuan egiten ari diren Nazioaren egoerari buruzko Eztabaidan egin du.

Espainiako Gobernuak egindako kalkuluen arabera, 2.000 milioi bilduko ditu urtean, bi urtez (2023 eta 2024), energia, gasa eta petrolioaren sektoreko enpresei zuzendutako zerga berezi horren bidez.

Gainera, finantza entitateei, "dagoeneko tipoen igoerarekin etekina ateratzen ari diren horiei", zuzendutako zergaren bidez, Sanchezek esan du urtean 1.500 milioi biltzea espero dutela.

Maria Jesus Montero Ogasun ministroak Kongresuko patioan Sanchezen iragarpenaren ostean esan duenaren arabera, zergek "enpresa mota horiek inflazioaren eraginez, energiaren prezioak eraginda, eta hipoteken eraginez, interes tipoen igoeragatik, izan dituzten ezohiko irabaziak zergapetuko dituzte".

Gogorarazi duenez, "herrialde honetan, une delikatu batean, Gobernuak bankuak erreskatatu zituen, eta horiek dira orain etekin handienak izaten ari direnak, justua dirudi ahalegin gehigarri txiki bat eskatzea, behin-behinekoa, 2023 eta 2024 urteetan, ondorengo urteetan ordainduko dutena. Horri esker diru-sarrera handiagoak izango ditugu familiak lagundu ahal izateko".

Bestalde, Pedro Sanchezek tren bidezko garraio publikoa bultzatzeko beste neurri bat iragarri du. Hala, adierazi duenez, RENFEk kudeatutako bidaien abonuen % 100 finantzatuko dute, alegia, aldiriko, rodalies eta distantzia ertaineko bidaien abonuak. 

Azkenik, Sanchezek iragarri du 16 urtetik gorako milioi bat ikasle inguruk 100 euroko beka osagarria jasoko dutela datorren ikasturtean, irailetik abendura.

"Iragarri nahi dizuet gaur gaurkoz beka bat jasotzen ari diren 16 urtetik gorako milioi bat inguru ikaslek hilean 100 euroko beka osagarri berri bat jasoko dutela, irailetik abendura bitartean. Aukeretan berdintasuna bermatu nahi dugu", ziurtatu du.

Hitzaldiaren hasieran Sanchezek esan duenez, "Espainiaren gaurko erronka nagusia inflazioa da", haren esanetan, "ekonomiaren gaixotasun larria", eta "denak txirotu egiten dituena, zaurgarriak bereziki".

Ondoren, Ukrainako gerraz ere izan mintzatu da, eta elkartasunerako deia egin du, "Espainia herrialde bakezalea" dela azpimarratuta. Halere, "bakea ez dator bakarrik", gaineratu du, "ezin da distantziakidetasunik izan". Hala, "ordaindu beharreko prezioa inflazioa da", Sanchezen arabera.

"Egoera ez da egun batetik bestera konponduko", gaineratu du Sanchezek, "inork ezin du egin gauetik goizera". "Kasu egin diezaiegun adituei, covid-19arekin egin genuen moduan", eskatu die hemiziklora bertaratutako diputatu eta bisitariei.

Eztabaidaren nondik norakoak

Gaur hasi da Nazioari buruzko Eztabaida Diputatuen Kongresuan. Eztabaida berezia da, ezohikoa, eta bertan Espainiako Gobernuaren agendan nagusi izan diren gaiak aztertu, eta ordura arte egindako kudeaketaren balantzea egiten da.

Aurreko eztabaida 2015ean egin zen, Mariano Rajoy presidente eta Pedro Sanchez oposizioaren buru zegoen garaian. Lehenengoa 1983an egin zuten, eta orduz geroztik 25 egin dituzte guztira. Normalean, urtean behin egiten da, hauteskunde orokorrak egin diren ureetan izan ezik, edo egin zirenetik hilabete gutxi igaro baldin badira.

Saioa 12:00etan hasi da, Pedro Sanchezen agerraldiarekin. Sanchezek, batetik, Nazioaren egoerari buruzko Eztabaida egitea eskatu du eta, bestetik, Gobernuak osoko bilkuran mahai gaineratuko dituen gai nagusiak aurkeztuko ditu. Nolanahi ere, talde parlamentarioek beharrezko jotzen dituzten gaiak gai-zerrendan sartzeko aukera dute.

Eztabaida egiteko asmoa komunikatu eta Kongresuko Mahaiak, Presidentetzak, Bozeramaleen Batzordearekin adostuta, onartu ondoren, saio monografikoa deitu dute, eta hiru egunez luzatuko da: lehen bi egunak eztabaida egiteko eta, azkena, ebazpen proposamenak bozkatzeko.

Sanchezen aurkezpena bukatutakoan, saioa eten egin da 16:00ak arte. Ordu horretan, talde parlamentarioen txanda hasiko da, handienetik txikienera. Fase honetan, talde bakoitzak 30 minutu izango ditu, ondoren presidente espainiarrak erantzuteko aukera izango du (denbora mugarik gabe). Horren ostean, erreplikarako txanda egongo da, 10 minutukoa, Gobernuaren erantzuna, 5 minutuko duplika eta, azkenik, Espainiako Gobernuak azken erantzuna emateko txanda izango du.

Taldeek hurrenkera hau jarraituko dute: Alderdi Popularra, Vox, Unidas-Podemos, ERC, Talde Plurala, Cs, EAJ, EH Bildu, Talde Mistoa eta, azkenik, PSOE. Alberto Nuñez Feijoo bertan egongo bada ere, ezingo du parte hartu, diputatu akta ez duelako.

Eztabaida bukatu ostean, taldeek ebazpen proposamenak aurkezteko epea zabalduko da, gehienez 15na. Hala, ostegunean, Mahaia berriz bilduko da 150 proposamenak tramitera onartzeko eta, ondoren, bozketa hasiko da.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena