Politika
Miguel Angel Blanco
D.P.C. | EITB Media
Miguel Angel Blancoren hilketaren harira duela 25 urte egindako manifestazio jendetsuak mugarri izan ziren terrorismoaren aurkako borroka kulturalean.
Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotziaren bahiketak eta ondorengo hilketak gogor astindu zuten euskal gizartea duela 25 urte, eta herritarrak inoiz ez bezala atera ziren kalera, Ermuko gaztea askatzea eskatzeko hasieran, eta krimena gaitzesteko hurrengo egunetan, urrats atzeraezina eta behin betikoa eginez terrorismoari zilegitasun soziala kentzeko bidean.
Miguel Angel, 29 urtekoa, ezezaguna zen iritzi publikoarentzat. Herri bateko zinegotzia zen, helburu politiko handiagorik ez zuena eta lagunek eskatuta sartu zena udal politikagintzan. Horregatik, euskal gizarteak gertukoa sentitu zuen eta enpatia handia erakutsi zion lehen unetik. Gainera, ETAk haren biziari epemuga jarri izanak hauspotu egin zuen sumina.
Hori horrela, bahiketak aurrekaririk ez zuten mobilizazio masiboak eragin zituen, kolore edo bandera politikorik gabekoak. Protesta horiek "Ermuko espiritua" izenarekin egin ziren ezagun gerora.
Harrezkero, ETAk beste 14 urtez eutsi zion terrorismoari, eta 67 pertsona hil zituen tarte horretan, baina ez zuen bahiketa bakar bat gehiago egin, beharbada soka gehiegi tenkatu zuela jakinda.
Lehen manifestazioak: harridura eta itxaropena
Miguel Angelen aldeko manifestazioak 1997ko uztailaren 10 hartan bertan hasi ziren, ETAk bahiketa aldarrikatu eta ordu gutxira. Lehena Ermuan egin zuten, arratsaldean, Carlos Totorika (PSE-EE) alkateak deituta. Udaltzaingoak kalez kale zabaldu zuen deialdia, megafonoak eskuan. Dena dela, kaleak uneoro izan ziren lepo, goizez, arratsaldez zein gauez.
Protesta horien tontorra Bilbon uztailaren 12an egin zuten manifestazioa izan zen ETAren ultimatuma amaitzeko ordu gutxi falta zirenean. Hain zuzen ere, milioi erdi pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte protesta horretan, 340.000 biztanle inguru dituen hiri batean. Inoiz Euskal Herrian izandako martxa jendetsuena izan zen hura.
Manifestazio hartan, erakunde guztietako ordezkariak izan ziren, hala nola Jose Antonio Ardanza lehendakaria, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidentea eta Felipe Borboikoa printzea.
Martxaren bukaeran, Miguel Angelen arrebak, Mari Mar Blancok, hartu zuen hitza, eta Espainiako Gobernuari eta ETAri zuzendu zitzaien: "Gobernuari eta neba bahituta dutenei esan nahi diegu dena konpondu daitekeela eztabaidetan malgutasuna erakutsiz".
Protesta masibo horiek itxaropena piztu zuten, eta ETAk Ermuko gaztea askatuko zuela sinesten hasi zen herritar asko. Nola egingo zion entzungor, ba, euskal gizartean hain ozen oihukatutako aldarri horri?
Itxaropenak amorruari utzi zion lekua
Miguel Angel etxera bizirik itzultzeko itxaropenak laster bihurtu ziren amesgaizto, uztailaren 12ko 16:40an, Ermuko gaztea hil edo bizi topatu zutenean Lasarteko mendi-inguru batean. Inork espero ez zuena gertatu zen: ETAk muzin egin zien gaztea askatzeko eskakizunei, eta bi tiro eman zizkion buruan.
17:00etan, Totorika alkateak albiste lazgarria iragarri zien herriko plazan bertaratutakoei: "Miguel Angel hil dute". Bertan zeudenak garrasika hasi ziren.
Haserrea herri horretan hasi zen, baina laster hedatu zen beste hainbatetara, eta leku askotan Herri Batasunaren egoitzen aurrean ere egin zuten protesta. Irudi historikoa utzi zuten elkarretaratze horiek: HBren Donostiako egoitza zaintzen ari ziren sei ertzainek kaputxa erantzi zuten, aurrenekoz aurpegia erakutsita. Hainbat pertsonak besarkatu egin zituzten une horretan.
Ertzainak kaputxak kentzen, Donostian
Bestalde, Ermuan, HBren egoitzari su eman zioten, eta Totorika alkatea sugarrak itzaltzen saiatu zen.
Totorika, HBren egoitzako sutea itzaltzen
Haserrea ez zen bakarrik ETAren aurkakoa izan; haren jarraitzaileen kontrakoa ere bai. Horren erakusle, Victoria Prego kazetariak uztailaren 14an Madrilen egindako manifestazio batean esandakoa: "Bakea eta hitza oinarri hartuta, baina legearekin ere bai: egin iezaiegu aurre!".
Egun horietakoak dira ikur bihurtu diren beste hainbat irudi, esku zuriak eta xingola urdinak, kasu.
Hurrengo urteetan, krimenak hankaz gora jarri zuen testuinguru politikoa: ETAren aurkako alderdiak biltzen zituen Ajuria Eneko Ituna desegin zuten, eta indar subiranistak elkartu zituen Lizarra-Garaziko Ituna jaio zen. Era berean, zenbait alderdi "Ermuko espiritua"ri etekin politikoa ateratzen saiatu ziren, eta, Madrildik, terrorismoa abertzaletasun demokratiko osoarekin parekatu zuten.
Kalean, baina, zeharo ezberdinak izan ziren ondorioak. Miguel Angel Blancoren hilketak ez zuen berehala ekarri ETAren amaiera, baina hilketak goitik behera aldatu zuen euskal gizartea, betiko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa