Politika
Elkarrizketa 'Faktoria' saioan
Garmendia: "Politikaren erabilera maltzurrak min handia egin zidan; atzo berriz gertatzeko arriskua egon da"
Iker gonzalez | eitb media
Miguel Angel Blanco bahitu eta hil zuten garaian Jaurlaritzaren bozeramaile eta Kultura sailburu izandakoak gogora ekarri du egun horietan gertutik bizitakoa. "Nik esaten nuen: gizalege izpiren bat izango al dute, mutil gaztea hau ez erailtzeko? Tamalez ez zen horrelakorik gertatu", esan du.
-
Mari Karmen Garmendia, gaur, Euskadi Irratiko estudioetan. Argazkia: EITB MEDIA
27:39 min
Mari Karmen Garmendia Miguel Angel Blanco bahitu eta hil zuten garaian Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Kultura sailburu izandakoak egun horietan bizitakoa oroitu eta atzo Ermuan egindako omenaldia aipatu du. "Politikaren erabilera maltzurrak min handia egin zidan, eta atzo berriz gertatzeko arriskua egon da", adierazi du.
Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan Garmendiak atzoko omenaldian ikusitakoaz adierazi duenez, "duela 25 urte bezala jarduteak kezka sortu zidan, baita sumindura ere, orain dela 25 urteko jarrera, adierazpen eta zenbait diskurtso errepikatu egin zirelako; nire ustez, 25 urte ez dira alperrik pasatu".
"Gizarteak era batera edo bestera erantzun lezake, baina zenbait politikarien artean sor litezkeen liskarrek ez diote onik egiten elkarbizitzari, eta atzo horrelakorik ere izan zen", erantsi du.
Orduan, Garmendiaren hitzetan, "familia ez zen ongi babestuta egon emozionalki, tragediari etekin politikoa atera behar zitzaion, hori egon ziren lantzen. Nik ez nuen errukirik ikusi, amarenganako ere ez".
Jaurlaritzaren bozeramale ohiaren arabera, "Miguel Angel Blancoren amak eskapulario horretan zuen esperantza" horren aurrean, ospitalean, Alvarez Cascos ministroak "hitz gogorrekin gaitzetsi zuen, informatiboetako garaia hurbiltzen ari zelako, alferlana zela eta informatibora heldu beharra zegoela. Ama gajoaren mindurak eta egon ezina ikaragarri horrek errespetua merezi zuten".
"Gero, arratsalde horretan bertan, Diputazio aurrekoan egon zen, orduko bere bikotearekin, eta, gogorra da esatea, baina pentsatzen nuen, hau zein da antzerkia", adierazi du.
Garmendiak Blanco bahitu eta hurrengo egunean Bilbon egindako manifestazio jendetsuan Blancoren amarekin egin zuen ibilbidea, eta oroitzapen garbiak ditu egun horretan bizi izandakoaz: "Manifestazioa bazkalondorako zegoen deituta, sargori zegoen, bero handia egiten zuen, eta Jesus Bihotzera ailegatu ginen, hitzordua han zen". "Espainiako Gobernuko ordezkariak ere etorri ziren, eta beraz Ardanza lehendakariaren komiteak haiekin joan nahi zuen, baina haiek ezetz esan zuten, haiek ibilbidea euren kasara egingo zutela".
"Halako batean, abiatzeko zorian geundela, Pilar Garcia de Salazarrek (Ardanzaren idazkaria) Miguel Angel Blancoren ama bakar bakarrik zegoela esan zien, eta joan nintzaion eta eta esan nion bere aldamenean egingo ote nuen ibilbidea, eta elkarri besotik helduta egin genuen ibilbidea". "Emakume hura, garrasirik egin gabe, galdetzen zidan: Zure iritziz, barkatuko al diote heriotza zigorra?"
"Nik esaten nuen, gizalege izpiren bat, bihotz izpi bat izango al dute, mutil gazte eta ezezagun hau -garai horretan Ermuan baino ez zuten ezagutzen- ez erailtzeko? Tamalez ez zen horrelakorik gertatu", erantsi du.
ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Miguel Angel Blancoren ahotsa, 25 urteren ostean