Politika
miguel angel blanco
eitb media
Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia ere izan da ETAk duela 25 urte bahitu eta hildako PPko zinegotziari egindako omenaldian, eta Memoria Demokratikoaren legea indargabetzeko eskatu dio Feijoori.
Miguel Angel Blancori omenaldia egiteko, zenbait ekitaldi izango dira Ermua asteburu honetan, ETAk bahitu eta hil zuenetik 25 urte igaro direnean. Gaurkoan, Alderdi Popularra izan da 1997ko uztailean hildako zinegotzia oroitu duena, Miguel Angel Blanco Udako Eskolaren itxiera ekitaldian. Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentea, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia eta Mari Mar Blanco hildako zinegotziaren arreba izan dira bertan, Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko buruarekin batera.
Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak Memoria Historikoaren legea indargabetzeko konpromisoa hartu du bere mintzaldian, eta ziurtatu du PSOEren botoak ere lortzeko lan egingo duela, "elkarrekin memoria eta justizia berrezartzeko".
"Euskaldun eta espainiar gehienen izenean, Memoria Demokratikoaren legea indargabetzeko konpromisoa hartuko dut hemen, Ermuan, ez PPren eta beste alderdien botoekin bakarrik, baita datorren PSOEkoekin ere, elkarrekin memoria eta justizia berrezarri ditzagun", aldarrikatu du Feijook. Mantendu duenez, "ETAko terroristek ez bazuten gu banatzerik lortu, ezin dugu baimendu haien oinordekoek halakorik egin dezaten".
PPko liderraren arabera, "ez da arraroa ETAren oinordekoak banda terrorista heroi bilakatzen saiatzea", baina "arraroa dena da gure herrialdeko gobernu demokratiko batek hori onartzea". "Sumindu eta asaldatu egiten gaitu gobernu demokratiko batek hori sustatu eta hitzartzeak. Baldintza hauetan, ez da memoria eta ez da demokratikoa, gure demokraziako pasarte lotsagarria baizik", gaineratu du, Trantsizioa ere aldarrikatu ostean.
Bestalde, Aznarrek gogora ekarri du duela 25 urte Ermuara bertaratu zela Blanco familiaren alboan egoteko Miguel Angel ehortzi zutenean, bere "beharrarekin eta ardurarekin" betetzeko". Salatu duenez, "terroristek Estatuari xantaia egin nahi izan zioten, eta belauniko ipini", eta adierazi du ez zutela lortu. Halaber, azpimarratu du Miguel Angel Blanco ez dela "itxiko den iragana, etorkizunerako erreferentzia baizik".
"Gure artean dira krimen hura justifikatu eta iragarri zutenak, mehatxu egin zutenak eta hiltzera animatzen zutenak. Demokraziaren oinarrizko balioen suntsitzaile den politika batean, baimendu egiten zaie historia manipulatzea eta berridaztea, heroitasunez horren protagonista izan zirenak irainduz", azpimarratu du. Horregatik nabarmendu du ez legeari ipinitako "koma bakar bat ere" ez litzatekeela onargarria, eta ez dela izango. "Hiltzaile hauen koma bat bera ere ez da onargarria izango ezelako memoria proiektutan, PPrentzat", adierazi du, Memoria Demokratikoaren legeari buruz.
Hala, espainiar guztiei eta Nuñez Feijoori (Espainiako Gobernuko hurrengo presidente izango dela dio) eskatu die "konpromiso hori etorkizunerantz proiektatzeko".
Bestalde, Marimar Blanco hildako zinegotziaren arrebak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari "ausarta" izateko eskatu dio, eta EH Bildurekin duen lotura eteteko, bihar Miguel Angel Blancori egingo dioten Estatu omenaldia aprobetxatuz.
Madrilgo Asanblean PPko diputatua den Blancok "terroristak isolatzea baimendu zuen batasun politikoa" eskatu du, eta ez dadila baimendu "garaituak izan zirenek orain kontaketa irabaztea gatazkei buruzko istorio faltsuein, eta demokraziako heroien memoria ezabatu nahi izatea, Memoria Demokratikoaren Legeak egin nahi duen bezala".
Erakundeen omenaldia
Erakundeek Miguel Angel Blancori egingo dioten omenaldia bihar izango da Bizkaiko herri horretan, euskal eta espainiar erakundeetako ordezkaritza zabalarekin.
Hala, aurreikusita dagoenez, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako zenbait kide izango dira ekitaldian, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, Felipe VI.a erregea eta Juan Carlos Abascal herriko alkatea, besteak beste.
Ekitaldian zehar, Urkulluk, Sanchezek, erregeak, alkateak eta Marimar Blancok hartuko dute hitza. Hasieran, hildako zinegotziaren arreba parte-hartzaileen zerrendarik kanpo zegoen baina, agintariei gutuna bidali ondoren, alkatea harekin harremanetan jarri da, omenaldian parte hartu dezakeen ikusteko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa