Politika
Ermua
Omenaldi handia agintarien ordezkaritza zabalarekin, Miguel Angel Blancoren hilketaren 25. urteurrenean
i.g. | eitb media
Ekitaldia Ermuan egingo dute eta, bertan, lehendakaria, Pedro Sanchez, Felipe VI.a erregea, alkatea eta Marimar Blanco izango dira, besteak beste.
-
Imagen de la exposición inaugurada en la localidad. Foto: Ayuntemiento de Ermua
Miguel Angel Blancoren aldeko omenaldia Ermuan egingo dute datorren igandean, ETAk hil zuela 25 urte beteko diren honetan, eta euskal zein espainiar agintarien ordezkaritza zabal batek parte hartuko du.
Hala, aurreikusi dutenez, Iñigo Urkullu lehendakaria, Jaurlaritzako beste ordezkari batzuek lagunduta, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, Felipe VI.a erregea eta Juan Carlos Abascal herri bizkaitarreko alkatea, besteak beste, izango dira bertan.
Ekitaldian Urkulluk, Sanchezek, erregeak, alkateak eta, azkenik, Marimar Blancok ere, hitz egitea espero da. Hasieran, hildako zinegotziaren arreba hizlarietatik kanpo geratu zen, baina, agintariei gutun bat bidali ostean, alkatea berarekin jarri da harremanetan, omenaldian parte hartzeko modua bilatzeko asmoz.
Asteartean Abascalek Eferi adierazi zionez, Marimar hizlarien zerrendarekin "bat eginda", ekitaldian "batasuna" nagusi izatea izan du helburu.
Era berean, Juan Carlos Abascalek gaineratu zuen bere parte hartzeak izaera "instituzionala" izango duela, eta, gogorarazi zuenez, Ermuko Udala izan zen duela 25 urte ETAren aurkako manifestazioak bultzatu zituena, Miguel Angel Blancoren bahiketaren eta hilketaren ostean. Manifestazio horiek Estatu osoan egin zituzten, eta jendetsuena Bilbon izan zen, hilketaren bezperan.
Bestalde, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak tamalgarritzat jo zuen atzo Sortuk omenaldiarekin bat ez egitea, eta, zinegotziaren "bahiketa eta hilketari buruzko gogoeta egiteko aukera aprobetxatu nahi ez izana".
Miguel Angel Blanco Fundazioak hainbat ekitaldi antolatu ditu 70 udalerritan, "Miguel Angel Blancok defendatutako baloreak oroitzeko".
Ekitaldi gehienak uztailaren 10 eta 13 bitartean izango dira, Blanco bahitu zuten (1997ko uztailak 10) eta hil zuten egunen artean (12tik 13rako goizaldean hil zen ospitalean).