Politika
Lagunkoitasunaren alde
N. B. | EITB MEDIA
Lehendakariaren esanetan, "adinekoak aldaketaren eragileak eta Euskadi Lagunkoiaren protagonistak dira". Adiskidetasunaren aldeko mugimenduaren helburua herritarren partehartzea sustatzea da, eta, gaur egun, 70 udalerri daude atxikituta.
Euskadi Lagunkoia programaren urteurrena ospatzeko ekitaldia. Argazkia: Irekia.
Euskadi Lagunkoia mugimenduak, euskal auzo, herri eta udalerrien hobekuntzarako herritarren partehartzea sustatzea helburu duenak, hamar urte bete ditu "gero eta udalerri inklusibo, irisgarri eta lagunkoiagoak" lortzeko helburuarekin.
Ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du mugimendu horrek "gainerako herritarren inplikazioa bultzatzen duela, udalerriak gune lagunkoiagoak izan daitezen lortzeko lan komun batean".
Lehendakariak azpimarratu duenez, "bizitza aktiboa eta autonomoa luzatzea, neurri handi batean, hiri-espazioen eta etxeko inguruneen diseinuaren, segurtasunaren eta egokitzapenaren mende dago", garraioa, etxebizitza, gizarte- eta osasun-zerbitzuak, eraikinak edo aire zabaleko espazioak bezalako esparruetan. Ildo horretan, adinekoak "aldaketaren eragile, arduradun eta Euskadi Lagunkoia ekimenaren protagonista" direla adierazi du.
Urkulluk, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera, ospakizun-ekitaldian parte hartu du asteazken honetan. Hitzorduan, Artolazabalek eskerrak eta zorionak eman dizkie "azken hamarkadan, modu pertsonalean eta konprometituan, Euskadiko udalerriak espazio irisgarri eta adiskidetsuago bihurtzeko ezinbesteko zereginean inplikatu direnei", eta nabarmendu du "horrelako sendotasuna duen gizarte-sarea izateak" harrotasuna eragiten duela.
Beatriz Artolazabal. Argazkia: Irekia.
Horrela, sailburuak helburu nagusiak bete direla esan du: "Herritarren eta sektore publiko, pribatu eta sozialaren partehartzea sustatzea, Euskadin lagunkoitasun-mugimendu bat garatzeko; adinekoen herritartasun aktiboa sustatzea, erabakiak hartzen eta inguruneak hobetzen parte hartuz, eta Euskadiko herri eta hirietako bizitzan, ongizatea sortzen duten aldetik, duten potentziala aprobetxatzea".
Euskadi Lagunkoia Sareak gaur egun Euskadi osoko 70 udalerri biltzen ditu: 25 Gipuzkoan, 27 Bizkaian eta 18 Araban. Laguntasunaren aldeko mugimendua 2009an hasi zen EAEn, Donostia OMEren Munduko Sarean sartu zenean. Ondoren, Bilbok, Gasteizek eta Durangok bat egin zuten ekimenarekin.
Hitzaldian, Artolazabalek "beste bultzada bat" hartzeko nahia adierazi du, "orainean eta etorkizunean udalerriak eta haietako zokoak gero eta leku inklusiboagoak, irisgarriagoak eta lagunkoiagoak izateko haietan bizi diren guztientzat".
Ildo horretan, lehendakariak "erakunde publiko eta pribatuak, profesionalak, unibertsitate eta zientzia-elkarteak, adinekoak ordezkatzen dituzten erakundeak, boluntarioak, zerbitzu-hornitzaileak eta komunikabideak lagunkoitasunaren mugimenduarekin bat egitera" gonbidatu ditu.
Ospakizunarekin batera, erakusketa ibiltaria egingo dute uztailaren 11tik aurrera, Donostian, eta, ondoren, EAEko beste udalerri batzuetan izango da.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa