08:50

Politika

Aliantza militarra

Dena prest Madrilen OTAN "eraldatuko" duen goi bilerari hasiera emateko

eitb media

Stoltenbergen arabera, helburuetako bat 300.000 soldadutako armada lortzea da. Gainera, bederatzi aliatuk BPGaren % 2 inbertitzen dute defentsan, eta beste 19k "asmo argia" dute. Mugak eta Madril, blindatuta goi bileraren aurrean.

  • Segurtasun operatiboko zenbait kide Madrilen

    Segurtasun operatiboko zenbait kide Madrilen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

NATOko buruzagiek Europako ekialdean sakabanatuta duten soldadu kopurua handitzea espero dute Madrilen aste honetan egitekoa den goi bileran. Gainera, 40.000tik 300.000ra handitzea espero dute Errusiaren aurrean prest egongo litzatekeen militar kopurua, hori baita, haien ustean, "mehatxurik handiena".

"Madrileko goi bilera eraldatzailea izango da", ziurtatu zuen atzo Jens Stoltenberg Aliantzako idazkari nagusiak Bruselan egindako prentsaurreko batean, asteazken eta ostegunean Espainiako hiriburuan egitekoa den gailurraren atarian.

NATOko estatu eta gobernuburuek hartuko duten erabaki nagusietako bat, Stoltenbergen arabera, Erantzuteko Indarra "eraldatzea" izango da, prest egongo litzatekeen soldadu kopurua 300.000tik gorakoa izatea lortuta. 

NATOren Erantzuteko Indarra hainbat herrialdetako soldaduk osatzen dute; prestakuntza handikoak dira, eta teknologikoki oso aurreratuak. Lurreko, aireko, itsasoko eta Operazio Berezietako Indarreko militarrak dira, eta Aliantzak modu arinean sakabanatu ditzake behar duen lekuetan. Gaur gaurkoz, 40.000 dira guztira.

Stoltenbergek argi utzi zuen erronka horiei guztiei aurre egiteko "gehiago inbertitu" beharra dagoela. 

Gainera, NATOk informazio berria argitaratu du aliatuen Defentsarako gastuari dagokionez. Hala, 2022. urtea "aliatu europarrek eta Kanadak inbertsioa etenik gabe handitzen duten zortzigarren urtea izango da".

Gaur egun, 2024rako ezarrita dagoen helburuari begira, bederatzi aliatuk gutxienez BPGaren % 2 inbertitzen dute defentsan, beste 19k "asmo argia" dute kopuru horretara heltzeko, eta beste bostek "konpromiso zehatzak" adierazi dituzte urte horretatik aurrera inbertsio maila horretara heltzeko.

"% 2ko inbertsioa egitea zorutzat hartzen da gero eta gehiagotan, sabaitzat hartu barik", gaineratu zuen Stoltenbergek.

Kontrolak mugetan eta Madril, blindatuta

Biriatuko muga pasabidean segurtasuna indartu dute NATOren goi-bilera dela eta. Hala, kontrol bereziak egongo dira datorren igandeko 00:00ak arte.

Barne Ministerioak dispositibo garrantzitsua diseinatu du Madrilera iritsi behar diren estatuburuen eta gobernuburuen segurtasuna bermatzeko ekainaren 28tik 30era bitartean egitekoa den gailurrari begira.

Bestalde, DGTk ere operatibo berezia ezarri du Madrilen sartu eta hiritik irteteko, eta, besteak beste, trafikoa eten egingo du A-2an, M-11n eta M-40an.

Zehatz-mehatz, astearte honetatik aurrera, uneko etenaldiak izango dira goizeko lehen orduan eta arratsaldean. A-2 eta M-11 errepideen arteko tartean izango da bereziki, baina beste leku batzuetan ere gerta liteke. Halaber, Madrilen sartzeko gainerako errepideetan ere auto ilarak sortzea aurreikusi dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena