Politika
EUSKADI IRRATIA
Idoia Alberdi Etxaniz | EITB MEDIA
"Emandako hitza ez betetzea" leporatu dio Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak Espainiako Gobernuari. Oraindik eskualdatzeke dauden eskumenak Euskadiren esku uzteko "bultzada politikoa" falta dela uste du.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea, gaur, Euskadi Irratian. Argazkia: EITB Media
Espainiako Gobernuak esan berri du Gernikako Estatutua osorik betetzeko oraindik eskualdatzeke dauden transferentzien bideragarritasuna aztertzen ari dela, eta adierazpen horrek kezka eragin du Eusko Jaurlaritzan. "Atzerakada garbia" ikusten du Josu Erkoreka lehendakariorde eta segurtasun sailburuak, eta "eskumenen transferentzian etena ukaezina" dela aitortu du.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, lehendakariordeak gogor salatu du Espainiako Gobernuaren jarrera, "berak hartutako konpromisoa eta berak ezarritako egutegia urratzen" ari delako. "Orain zailtasunak dituela? Hasieran ere jakingo zuen hori, eta orain ezingo du esan ezin dituela transferentziak bete. Bultzada politikoa falta da. Oraindik aztertzen ari badira, transferentzia egin behar den ere zalantzan jartzen ari dira. Atzerakada dago hor, hilabeteak aurrera doaz eta aurrerapausorik ez dugu ikusten. Gobernu espainiarra da hitza betetzen ari ez dena", esan du.
Bestalde, Ertzaintzak zenbait atxiloturi emandako tratua zalantzan jarri eta "iraingarria" izan dela jasotzen duen Arartekoaren txostenari garrantzia kendu dio Erkorekak. Horren harira azaldu duenez, "salaketen % 1,5ean bakarrik egon dira kondenak" eta "behar diren diziplinazko neurriak hartu dira". "Ez dut esango gutxi direnik, kasu bakar bat egotea asko delako, baina hain arazo larria ere ez da. Existitzen den neurrian, kezkagarria da eta zigortu beharrekoa, baina ez pil-pilean dagoen arazoa".
Ertzaintzaren ikerketa atalari buruz ere galdetu diote Segurtasun sailburuari, ELA sindikatuak atal hori "egoera kritikoan" dagoela esan ondotik. Euskal poliziaren hainbat "ataletan hutsuneak" daudela aitortu badu ere, plantilla osoa behar bezala osatzeko ahaleginetan ari direla nabarmendu du. Bere hitzetan, 8.000 kide inguruko lantaldea du Ertzaintzak, eta "400-500 bat falta dira gaur egun". Arkautiko akademia "gainezka" dutela eta hutsuneak lehenbailehen betetzea espero duela gaineratu du.
Argitu gabeko iraganeko atentatuen inguruan ematen ari diren urratsei buruz ere hitz egin du. Sailburuaren arabera, baliteke etorkizunean kasu gehiago argitzea, egungo "metodologiak eta aurrerapen zientifikoek ahalbidetuta". Genetika forentsearen esparruan Ertzaintzak gaur egun eskuartean dituen erremintei esker ari direla kasuen inguruko xehetasun gehiago ezagutzen azaldu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa