20:08

Politika

legez besteko proposamena

Eusko Legebiltzarrak migrazioaren drama salatu du eta transferentziak eskatu ditu

agentziak | eitb media

EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU taldeek bultzatutako legez besteko proposamena da. Ekimenak jasotzen duen edukiaren gehiengoa PP+Csk ere babestu du. Bestalde, Vox taldeko ordezkari bakarrak, Amaia Martinezek, testu osoaren aurka bozkatu du.

  • Eusko Legebiltzarraren osoko bilkura, arratsalde honetan. Argazkia: @PVasco_EuskoL

    Eusko Legebiltzarraren osoko bilkura, arratsalde honetan. Argazkia: @PVasco_EuskoL

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak Frantziako muga Irunetik zeharkatzen saiatzen diren pertsona migratzaileek bizi duten "drama" salatu du, eta migrazio alorreko funtzio eta zerbitzuen transferentzia aldarrikatu du, Euskal Autonomia Erkidegoaren esku geratu daitezen.

EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU taldeen baterako legez besteko proposamena onartu du ostegun honetan Gasteizko Ganberak. Mugako eremuko krisi humanitario egoerak sortutako kezka adierazten da bertan. Izan ere, azken hilabeteetan hamar pertsona migratzaile hil dira, Frantziara iristeko Bidasoa ibaia zeharkatzen saiatzen ari zirela.

Ekimenak jasotzen duen edukiaren gehiengoa PP+Csek ere babestu du, baina baztertu egin du migrazio alorreko eskuduntza EAEra transferitzeko eskatzen duen puntua. Vox taldeko ordezkari bakarrak, Amaia Martinezek, testu osoaren aurka bozkatu du.

Transferentziari dagokionez, Ganberak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio gobernu zentralari eskuduntza eskatzen jarraitzeko, administrazio autonomikoak lan-baimenen kudeaketa eta migratzaileentzako harrera eta gizarteratze eredua garatzeko jarduketak gain hartu ditzan.

Gainera, Espainiako Gobernua ere presatu du Eusko Legebiltzarrak, Europar Batasunean harrera sistemaren erreforma sustatu dezan, iragaitzazko pertsona migratzaile guztien nazioarteko babeserako eskubidea bermatzeko.

Era berean, Legebiltzarrak Europa mailako agintariei eskatu die, frantziarrei eta espainiarrei bereziki, Bidasoa ibaian eta inguruetan ezbehar berriak ekiditeko, eta partekatutako mekanismoak ezartzeko; arraza, kolore, jatorri zein nortasun arrazoiengatik tratu diskriminatzailea ekiditeko.

Bestalde, Europar Batasunari eskatu dio korridore humanitario seguruak bultzatzeko; eta Eusko Jaurlaritzari, iragaitzazko migratzaileei harrera eta arreta egokiak bermatzen jarraitzeko, eta koordinazio instituzionala gidatzeko, erroldarako, osasun txartelerako, gizarte zerbitzuetarako edo hezkuntzarako sarbidea errazteko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena