13:27

Politika

memoria historikoa

Memoria historikoaren lege proiektua defendatu du lehendakariak "injustizia zuzentzeko"

EITB Media

Egitasmoa izapidetzen jarraituko du Legebiltzarrak ganberaren gehiengoak Voxen eta PP+Cs aliantzaren osoko zuzenketak baztertu ostean. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk testua "hobetzeko" konpromisoa agertu dute.

  • Urkullu, agerraldiaren une batean.

    Urkullu, agerraldiaren une batean. Argazkia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Iñigo Urkullu lehendakariak Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren lege proiektua defendatu du gaur. Horren ustez, arau berriak "duintasuna aitortu ez zaionari hura itzuliko dio, injustizia zuzenduko du eta eskubide urraketak leheneratuko ditu". Espainiako Gerra Zibilaren (1936-1939) eta ondorengo diktadura frankistaren biktimei aitortza eta ordaina eman asmo die legeak. 

Urkulluk Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran hartu du hitza, iazko uztailean Jaurlaritzak onartutako egitasmoari Voxek eta PP+Cs aliantzak aurkeztu dizkioten osoko zuzenketen aurrean. Bi taldeok bakarrik geratu dira testua Jaurlaritzari itzultzeko eskaeran, eta horren kontra bozkatu dute gobernuko kideek zein EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Hartara, egitasmoa izapidetzen jarraituko dute Legebiltzarrean. 

Berez, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak egin behar zuen proiektuaren defentsa, baina positibo eman du covid-19an, eta lehendakaria mintzatu da horren ordez. 

Lehendakariak "akordioa eta adostasuna" eskatu dizkie Legebiltzarreko gainerako taldeei, eta ziurtatu du "legebiltzarkideok are gehiago aberastuko eta hobetuko" dutela testua euren ekarpenekin. Horrela, biktimekin eta euren senitartekoekin euskal gizarteak duen zorra "kitatuko" du. Urkulluren hitzetan, "etorkizuneko belaunaldiei zor diegu. Etorkizunak memoria izan dezan, bizikidetzarako memoria izan dezan". "Aukera historiko baten aurrean gaude", erantsi du. 

Aitortu duenez, "memoria historikoa berreskuratzeko eta Gerra Zibilaren eta frankismoaren biktimak aitortzeko bidea ez da gaur hasiko proiektu honekin", eta 70eko hamarkadatik biktimen elkarteek eta erakundeek egindako ekimenak hartu ditu gogoan. Legearen xedea da, Urkulluren arabera, orain arteko ibilbidea "indartu eta arau esparru" bat ematea. 

Hitzaldian, lehendakariak aipamen zehatza eta berezia egin nahi izan du eta biktimen senideei eta memoria-erakundeei "aitortza eta esker on zintzoena" adierazi nahi izan die. Halaber, desagertutako pertsonak aurkitzeko, hobitik ateratzeko, identifikatzeko eta duintzeko emandako "urrats nabarmenak" azpimarratu ditu, baita Gerra Zibilaren biktimei buruzko datu basea egiteko lana ere. 

Taldeen iritziak

Zuzenketen eztabaidan, Carmelo Barrio PP+Cs koalizioaren bozeramaileak aitortu du testuaren "zati handi" batekin bat datozela, baina bi arrazoi aipatu ditu testua Jaurlaritzara itzultzeko eskaera justifikatzeko. Batetik, egitasmoak ez dituela ETAren biktimak jasotzen, eta, bestetik, "errepublikarrek egindako errepresioa" aipatu egiten ez duela. Barrioren ustez, "lehen eta bigarren mailako biktimak" ezartzen ditu proiektuak.

Oso gogor aritu da Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkide bakarra. Horren esanetan, legearekin "aurrez aurre dauden bi bandoren" tesia indartzen da, eta "kontzientziak manipulatzen" dira. "ETAren jardun guztia ahaztu duzue, eta bando errepublikarraren astakeriak ezkutatu dituzue", salatu du. 

Bi indarron argudioei kontrajarriz, gainerako taldeek lege horren beharra azpimarratu dute, eta, batez ere, PP+Cs izan dute jomuga, ETA "aitzakia gisa" erabiltzeagatik legea ez babesteko. 

Iñigo Iturratek (EAJ) nabarmendu duenez, legeak Gerra Zibilean eta diktaduran jazarpena eta indarkeria pairatu zuten pertsona guztiak hartu nahi ditu aintzat, eta aparteko aipamena egiten die II. Errepublika defendatu zutenei. PP+Cs koalizioari zuzenduta, honakoa esan du ordezkari jeltzaleak: "Ezin duzue ETA erabili memoria demokratikoaren alorrean duzuen interes, konpromiso eta ausardia falta zuritzeko".

Julen Arzuaga (EH Bildu) harago joan da, eta eskuineko koalizioari "terrorismo frankistaren biktimak iraintzea" leporatu dio. Arzuagaren ustez, "jarrera onartezina" du PP+Cs-ek. "Maskarak kendu dituzte eta gaur mozorrorik gabe etorri dira Frankismoaren ondorengo politikoak", salatu du. 

PSE-EEren izenean, Eneko Anduezak gogorarazi du ETAko biktimen aitortza beste lege espezifiko batzuetan jasotzen dela. Ohartarazi duenez, "demokratikoa dela dioen ezein alderdik ezin du zor historiko horri erantzuna ematen dion legearen kontra egin". 

Azkenik, Jon Hernandezek (Elkarrekin Podemos-IU) "euren lotsak estaltzea" egotzi die Voxi eta PP+Cs aliantzari: "Errepresioan eta odolean oinarritutako diktadura ukatzen ari dira". Era berean, Jaurlaritzari "anbizioa eta harmena" eskatu dizkio testua "hobetu" ahal izateko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena