Politika
Hezkuntza lege berria
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Azken asteetan, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ohartarazi dute Hezkuntza Sailak hartu dituen hainbat erabakik hezkuntzari buruzko ituna urratu lezaketela. Gauzak horrela, astelehen honetan, lau alderdiek bilera egin dute zalantza guztiak argitzeko.
EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek bilera egin dute Legebiltzarrean azken asteetan hezkuntzari buruzko itunaren harira sortu diren zalantzak argitzeko. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza lege berriaren oinarriak joan den apirilean adostu zituzten.
Besteak beste, ondoko helburuak biltzen ditu akordioak: eskola publikoaren kalitatea hobetzea; segregazioarekin amaitzeko neurriak ezartzea; euskara oinarri izango duen sistema eleaniztuna bultzatzea; eta hezkuntza doakoa izango dela bermatzea.
Azken asteetan, baina, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos kezkatuta agertu dira; izan ere, Hezkuntza Sailak hartu dituen zenbait erabakik -ikastetxeen plangintzarako dekretua edo eskolek plataforma digital bat izan dezaten Googlerekin egindako akordioa- itun horretan jasotako hainbat konpromiso urratu ditzaketela uste dute.
Horrela, bada, lau alderdietako ordezkariek eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak bilera egin dute Legebiltzarrean, itunaren jarraipena egiteko.
Batzarra amaituta, denek adierazi dute azken egunotan sortutako zalantza guztiak argituta geratu direla eta, beraz, arlo honetan lau taldeen arteko konfiantza berreskuratu dela.
Halaber, datozen asteetan, bilera gehiago egitea adostu dute. Hurrengo hitzordua ekainaren 20an izango da, eta Bildarratzek lanerako plana eta egutegia aurkeztuko ditu orduan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa